Bankuen interesen aurretik jarri du epaileak altzari enpresa berriaren funtzio soziala. Eskaerak jasotzen eta haiek produzitzen ari dira, eta 20 langile ari dira lanean uneotan.
Donostiako Auzitegiko epaileak alboratu egin du zazpi bankuk Azpeitiko Azcue y cia enpresaren hartzekodunen konkurtsoan jarritako helegitea; eta, beraz, Azkue Sozietate Laboralari eman dio arrazoia. Enpresa berriko zuzendaritzako kideek eta administratzaile konkurtsalek nabarmendu dute autoa «berritzailea» dela, bankuen interesen aurretik jarri dutelako enpresaren arlo sozialaren garrantzia. «Araua interpretatzeko bide berria ireki dezake, eta horrek zeresana emango du», esan du Xabier Oleaga Azkue Sozietate Laboraleko zuzendariak.Urtarrilean ziren Azkue berriko langileak lanean hastekoak, hartzekodunen konkurtsoan altzari enpresa erosteko baimena eskuratu ondoren. Bi milioi euroko eskaintza egin zuten langile ohiek, baina kopurua ez zen nahikoa bankuen arabera, zazpi milioi euroko hipoteka zutelako haiek pabiloiagatik. Beraz, helegitea jarri zuten Kutxabankek, Nafarroako Rural Kutxak, Elkargik, Bankinterrek, Banco Santanderrek, Banco Popularrek eta Caixabankek, baina epaileak baztertu egin du haien eskaera.
«Sorpresa ona» jaso dute langileek, eta gustura daude beraien «proiektuaren izaera sozialari» eman dioten garrantziagatik, Edu Etxarte administrazio kontseiluko kide eta Azcueko langile ohiaren arabera. «Parte-hartze prozesu garbia» egin dutela esan du Etxartek, eta «konpromiso horrek» eragin duela epailearen erabakian. «Bi urte gogor izan dira, baina bukaera zoriontsua izan dute», nabarmendu du.
Epailearen apustua
Azkue Sozietate Laboralaren egoera azaltzeko eta epailearen erabakiaren berri emateko egin dute agerraldia enpresako zuzendariak, kontseilari ordezkariek eta administratzaile konkurtsalek. Haiek epailearen erabakia goratu dute, eta bankuen interesen eta erantzukizun sozialen arteko «borroka horretan», arlo soziala lehenestea «berritzailea» dela nabarmendu dute.
Emilio Gonzalez administratzaile konkurtsalak adierazi du «lehiaketa interesgarria» izan dela enpresarena: «Behetik gora eginiko kudeaketaren adibide da. Enpresa geldirik zegoen, eta langileek jarri dute martxan ezerezetik». Gonzalezen arabera, horregatik egin du «apustua» epaileak, eta denen lanarekin lortu dute bultzada hori.
Bestalde, Faustino Garcia kontseilari ordezkariak esan du epailearen autoaren ostean, etorkizunerako «ikuspegi onak» dituztela: «Aro bat amaitu da, aro gogorra, eta bestea hastera doa». Haren hitzetan, azken bi asteetan eskaera berriak jaso dituzte, eta hilabete eta erdiko eskaera-karterentzako produktuak eginda dituzte.
Parketari dagokionez, adibidez, prest daude instalazio guztiak. Hornitzaile guztiak Azpeitian eta Azkoitian aurkitzen saiatu dira enpresako ordezkariak, eta inbertitu dituzten 800.000 euroetatik 450.000 bailaran gastatu ditzute, Antonio Ceballos kontseilari ordezkariak azaldu duenez. Jarritako diruaz gain, lau milioi euro inbertitzeko asmoa du enpresak; horietatik bi milioi, konkurtsoko ondasunak eskuratzeko.
Kopuru horretatik milioi bat bazkideek jarriko dute, eta gainerakoa finantza erakundeek, hau da, Laboral Kutxak, Sabadell-Guipuzcoanok, Banco Popularrek, Luzarok eta Oinarrik.