Urola Erdiko hamar jatetxetan menu bereziak eskainiko dituzte, eta bisitak eta tailerrak egingo dituzte. Ostegunetik apirilaren 19ra iraungo du egitasmoak.
Donostian egiten ari diren Sevatur Turismo azokan III. Urola Gustagarri egitasmoa aurkeztu dute Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Iñaki Portilla Azpeitiko Turismo zinegotzi eta Iraurgi Berritzen-eko ordezkariak, Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatuak, Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendari orokorrak eta egitasmoan parte hartzen duten hainbat jatetxetako ordezkariek. Helburua da Urola Erdiko produktuak nabarmentzea eta horretarako jarduera ekonomikoa sustatzea, turismo jardueraren bidez. Oraingoan, Euskal Okela (txahala) eta behi esnea aukeratu dituzte horretarako.Etzi abiatuko dute III. Urola Gustagarri, eta apirilaren 19ra bitartean jarduera bereziak egingo dituzte bi produktu horiek ardatz hartuta. Honako jatetxeetan emango dituzte menu bereziak: Joseba eta Laja jatetxeetan Azkoitian, Jai Alai, Kiruri, Larrañaga, Mikel Uria eta Sagasti Zaharren Azpeitian, Ostatu Zaharrean Beizaman, Letean Errezilen, eta Aizarnako Aranburun Zestoan. Horrez gain, bailarako baserri eta ustiategietara bisita gidatuak egingo dituzte, hango bizitzeko eta lan egiteko moduak eta produktuak erakutsi eta goraipatzeko. Saio gastronomikoak, dastaketak eta produktuen azokak egingo dituzte. Gainera, bailarako kultur eta natur baliabiabideen eskaintza turistikoarekin uztartuko dute.
Iraurgi Lantzen, Urkome eta Euskadi Gastronomika antolatzaileek «bertakoa» sustatu nahi dute. Hau da, produktuak eta ekoizleak, euskal sukaldaritza, baserriak eta ustiategiak eta azokak indartu nahi dituzte.
Bestetik, www.urolagustagarri.eus bloga martxan jarriko dute, egitasmoaren eta bailarako ekintzen berri emateko.