Azkoitia Baiko Julen Garatek eta Ahal Dugu-Podemoseko Leire Riojak eta Jon Gorrotxategik mahai inguru bat egin zuten ostiralean, Azkoitian. Datozen udal hauteskundeetara batera aurkezteko aukeraz baino, egoera politikoaz eta Podemosez aritu ziren batez ere. Zehaztapen gehiagorik gabe, datorren agintaldian «laguntzeko prest» zeudela esan zioten Azkoitia Bairi.
Egoera politikoa salatu, eta politika fiskala aldatzearen beharra azpimarratu zuten Podemosekoek. Aldundirako hauteskundeetara aurkeztekotan da Podemos, eta saioan parte hartu zutenek, besteak beste, «kezka» azaldu zuten lanerako orduan Madrildik jaso dezaketen «autonomia» mailaren inguruan. Alderdiaren funtzionamenduarekiko ere kritiko agertu ziren hainbatetan; «ilusioa» dute lanerako, baina arazoa praktikan dagoela zioten: «Ondo egingo dugu, guztiok eskubide berak baldin baditugu». Haien ustez, ideietan baino, gakoa pertsonetan dago, eta esaten dutena aurrera eraman ahal izateko herritarrek parte hartu behar dute.