Zestoarrek gaiarekiko duten kezka dela-eta, Osinbeltzeko harrobiaren isolamenduaz hitzaldia antolatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Gaur da solasaldia, eta Zestoako udaletxeko pleno aretoan bilduko dira, 19:00etatik aurrera.
GHK-ko ordezkariek gogoratu dute «kezka ugari sortzen» ari dela zestoarren artean Osinbeltzeko harrobian jarri nahi duten bizigabetutako materia biltegia: «Horiek guztietatik kezka nabarmena harrobiaren azpiko akuiferoen babesa da». Kontsortzioko kideek azaldu dutenez, «gauza jakina» da biltegia egin aurretik beharrezkoa dela Osin- beltzeko harrobia isolatzea. Hain zuzen, gai horri buruzko argibideak ematea izango du xede gaurko hitzorduak.
Alemaniarrak herrian
Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakariak egingo ditu moderatzaile lanak hitzaldian, eta honakoek parte hartuko dute: Aitor Zulueta geologo eta isolamenduetan adituak, Gerd Burkhardt ICP-ko ingeniari eta zuzendariak, eta Silvia Venema ICP-ko ingeniariak.
Alemaniako enpresa bat da ICP, eta bera arduratuko litzateke Osinbeltzeko harrobiko isolamendu lanak egiteaz. Horregatik izango dira gaur hitzaldian bertako ingeniariak, herritarrei azalpenak emateko. Hitzaldiaren ostean, galdera-erantzunen txanda irekiko dute.