Ekainaren 20an Euskal Herriko hiriburuetan erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldiak egingo dituzte. Zarauzko Gure Esku Dago-k lokal berri du Patxiku kalean
Gure Esku Dago mugimenduak erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldiak egingo ditu ekainaren 20an Euskal Herriko hiriburuetan. Herritarren borondatea batzea da helburua, eta horretarako hautetsontzi erraldoiak osatuko dituzte hiri bakoitzean, milaka oihal zati josita. Horrekin aurten bitartekoak jarri nahi dituzte, datorren urtera begira erabakitzeko eskubidearen aldarria ehuntze aldera. Oihal zati bakoitzak hogei pertsona bilduko ditu, eta horiek nahi bezala apaindu ahalko dute dagokien ehun zatia. Saretze lan horretan, tutore figura sortu nahi dute. Hori arduratuko da hogei lagun biltzeaz.Zarauzko Gure Esku Dagok ekitaldi horretarako 2.400 herritar saretzea du helburu. Iaz, Durango eta Iruñea artean egindako giza katean 1.000 zarauztarretik gorak hartu zuten parte, baina datu babeserako legea dela-eta, arazoren bat izan dute. Hori dela eta, berriz ere saretu nahi dituzte horiek eta baita zarauztar gehiago ere.
Erreferentzia-puntua
Ekitaldian parte hartu nahi dutenek Zarauzko Gure Eskuren lokalera jo ahalko dute. Auzolanean atondu ostean, aurrerantzean zabalik egongo da herrian mugimendu horren erreferentzia-puntua izatea nahi duten gunea.
Patxiku kaleko 1. zenbakian dago, santamarinetan taberna jartzen duten gunean. Lokala astelehenetik ostiralera bitartean arratsaldez irekiko dute herritarrentzat, 18:00etatik 20:00etara hain zuzen, eta larunbatetan, berriz, goizetan, 11:00etatik 13:00etan.
Ekaineko ekitaldiaren aurretik herriz herri egingo dituzte saretze lanak. Zentzu horretan, apirilaren 25ean Zarautzen, beste herrietan bezala, Ehuntze Eguna ospatuko dute. Besteak beste, bertso afaria, abesbatzen emanaldiak, trikipoteoa, kantu jira eta bestelako ekintzak antolatzeko asmoa dute. Hautetsontzi erraldoiak osatuko dituzten oihal zatiak jostea izango da, ordea, ekintza garrantzitsuena.
Berotzen joateko martxoaren 26an, berriz, Angel Oiarbidek hitzaldia eskainiko du erabakitze eskubidearen inguruan. Modelon izango da, 19:00etan. Ondoren, 20:30ean Jostunak dokumentala botako dute, Gure Esku Dago dinamikaren historioa jasotzen duen lana.