Urtemugaren harira, erakusketa bat jarri dute Sanagustinen, eta igandera arte zabalik egongo da. Aldarrikatu dute «erantzuna zor» zaiela hildakoen senideei eta herriari.
Pasaiako segadaren 31. urteurrena izango da martxoaren 22an, igandean, eta agerraldia egin dute hainbat azpeitiarrek, arduradunei «erantzukizunak eskatzeko». Haien arabera, 31 urte igaro ostean, oraindik ez da argitu Pasaiako segadan gertaturikoa, eta hori bera salatu dute bildutakoek: «Bertsio ofizialak tiroketa bat izan zela dio, baina hamaika arrazoi ditugu hori horrela izan ez zela pentsatzeko».Pasaiako sarraskian hildako pertsonen artean daude Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta haiek «Azpeitiko historiaren zati» direla esan dute agerraldian izan diren senideek eta herritarrek. Beraz, egia jakiteko eskubidea dutela aldarrikatu dute «beraien famailiari eta herriari zor zaiolako».
Komando Autonomo Antikapitalistetako beste bi kiderekin batera hil zituzten azpeitiarrak Pasaiako badian, 1984ko martxoaren 22an, Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu txantrearrekin batera, hain zuzen. Agerraldian gogoratu dute 113 bala zulorekin eman zietela amaiera haien bizitzei.
Pasaian gertatutakoari erantzun bat ematea galdegin dute, hildakoen familiari eta herriari «erantzuna zor» zaielako. «Belaunaldi askotako herritarrak bildu gara hemen; batzuk oraindik jaio gabe geunden gertakaria jazo zenean, baina guztiok oroimenean ditugu, eta ez dugu egia aurkitu arte etsiko», adierazi dute.
Bertsio kontrajarriak
Bertsio ofizialak dio Espainiako segurtasun indarrekin izandako aurrez aurreko liskarrean hil zirela Komando Autonomo Antikapitalistako kideak. Kurro, Pelitxo, Txapas eta Pelu hil egin ziren, eta Joseba Merino gelditu zen bizirik; nahiz eta, ondoren, atxilotu egin zuten. Rosa Jimeno oriotarra erabili zuen poliziak amu gisa gaur hartan, behartuta, kideak badiara gertura zitezen.