Esku Pilotako Profesionalen bi jardunaldi izango dira aurten Zestoan, eta lehenengoa gaur bertan jokatuko da. Promozioko txapelketako partidekin hasiko da jaialdia, 22:00etan, eta Mendizabal III.a eta Urruzola Victor eta Apraizen kontra lehiatuko dira. Gero hasiko da profesionalen saioa, Ezkurdia eta Zabaleta eta Artola eta Albisu bikoteekin.
Zestoako Pilota Elkarteak Aspe enpresarekin egindako hitzarmen bati esker izango dira beste behin profesionalen partidak herrian. Antolatzaileen arabera, sarreren hiru laurdenak saldu dituzte dagoeneko, eta gainontzekoak gaur jarriko dituzte salgai, 20:30etik aurrera, leihatilan. Harmailetarako, 30 eurotan salduko dituzte, eta hemezortzi urtetik beherakoek 18 euro ordainduko dute.
Aizarnazabalen ere Pilota eta Harri Jasotzaile Jaialdia egingo dute, bihar. Aizarnazabalgo Kirol Elkarteak antolatu du proba, eta gazteen pilota partidarekin hasiko da ekimena, 18:00etan, Atari Soro pilotalekuan. Oteiza eta Azkoitiak Gurrutxaga eta Oteizaren aurka jokatuko dute, eta Goñi II.aren eta Jokin Iriondoren partida izango da gero. Era berean, Izeta III.a marka berria ezartzen saiatuko da Ondaldeko harri baldarrarekin. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke, hamar eurotan, Aizarnazabalgo Uztarri tabernan edo Zestoako Koioten. Egunean bertan, 15 eurotan erosi ahal izango da leihatilan, eta 14 urtetik beherakoek doan izango dute.