Azpeitian Pastorkuan, Ametsan eta Mendizabalen eros daitezke; Azkoitian, berriz, Ixidro erretegian. Erreserbak ere onartzen dituzte, Internet edo telefono bidez.
Martxoaren 21ean, datorren larunbatean egingo dute San Jose Trikiti Jaialdia, Azpeitiko Soreasu aretoan, 17:30etik aurrera. Hara joateko sarrerak gaur jarri dituzte salgai ohiko tabernetan, hau da, Azpeitian Pastorkuan, Ametsan eta Mendizabalen; eta Ixidro erretegian, Azkoitian. Prezioari dagokionez, txartel bakoitzak hamabi euro balio ditu.Sarrerak erreserbatzeko aukera ere emango dute Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen bitartez. Horretarako, mezua bidal daiteke trikitixa@trikitixa.net helbidera, edo honako telefono zenbakietara dei daiteke: 669-36 34 92 edo 657-70 42 17. Erreserbatutako txartelak egunean bertan hartu behar dira, 16:00etatik 16:30era bitartean. 16:30erako jasotzen ez dituzten sarrerak salgai jarriko dituzte.
San Jose Trikiti Jaialdiak urtero izan ohi du berezitasunen bat; izan ere, omenduen edo gai jakinen bueltan antolatzen du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak saioa. Aurtengoan belaunaldi desberdinak jarri nahi izan dituzte oholtza gainean, garai desberdinetan jaio arren, trikitilari guztiek «gauza bera» jotzen dutelako. Horren erakusle da 80 urteko aldea dagoela trikitia eta panderoa joko duten musikari helduenaren eta gaztetxoenen artean. Vitoriano Loiola Ospas izango da trikitilari zaharrena, 89 urterekin; eta gazteenak, berriz, Aiako eta Getariako Libe eta Udane 8 urteko musikariak. Txiki-txikitatik trikitilaritzarako afizioa duten trikitilariekin osatu dute egitarauko kartela.
Hamahiru musikari
Guztira, hamahiru soinujolek parte hartuko dute emanaldian. Honakoak dira trikitilariak: Ospas eta Janire, Martin, bere taldearekin; Zalabeta eta Motriku, Laura Apeztegia eta Begoña Alzugarai, Leire Zumeta eta Amaia Arza, Julen Alonso eta Eneritz Aulestia eta Libe eta Udane izango dira hurrengo larunbatean oholtza gainean.
Emakumeek presentzia esanguratsua izango dute jaialdian, hamahiru musikarietatik zortzi baitira andrazkoak. Antolatzaileek, horren harira, jakinarazi dute modu «erabat naturalean» suertatu dela horrenbeste emakumek parte hartzea saioan: «Gaur egun hori da errealitatea, ez gara emakumeen bila ibili».