Azpeitian garai txarrak zirkulazioarentzat

Aitor Gorrotxategi (eajren Hautagaia Azpeitiko Alkatetzarako). 2015eko martxoaren 12a

Ez dago oso azkarra izan beharrik. Denbora gutxi barru, Gipuzkoan martxan zeuden hiru zabortegietatik bigarrena, Beasaingo Sasieta, hain zuzen ere, ixteko behar den denboran bakarrik, lurralde osoko zaborrez beteta etorriko diren kamioiak hasiko dira g...

Ez dago oso azkarra izan beharrik. Denbora gutxi barru, Gipuzkoan martxan zeuden hiru zabortegietatik bigarrena, Beasaingo Sasieta, hain zuzen ere, ixteko behar den denboran bakarrik, lurralde osoko zaborrez beteta etorriko diren kamioiak hasiko dira gure errepideetara iristen, irekita geratuko den zabortegi bakarrera, Lapatxekora, etortzeko. Azpeitia bihurtu zaigu Gipuzkoako zabortegi. Eta hori guztia, gaur egunean Foru Aldundian dabiltzanen kudeaketa txarrari esker, besteak beste, eta burugabekeria honen gidari, Iñaki Errazkin, Azpeitiko alkate ohia.

Sartu orduko, hondakinen gaiari irtenbide moderno bat emateko hitzartu eta onartu zen sistema gelditu zuten, ingurumenaren errespetuaren gainean aurreratuenak dabiltzan nazioekin, Danimarka, Austria edo Alemaniarekin, adibidez, bat zetorren konponbidea izan arren. Lau urte pasatu ondoren kolapsoan erortzeko zorian gaude. [...]

Garai txarrak datoz zirkulazioarentzat, Azpeitian bizi garen eta herrira sartzeko eta ateratzeko errepideak erabiltzen ditugun guztiontzat.

Datozen hilabete edo urteetan, Lapatxek duen kapazitatearen edo hura handitzeko dituzten aukeren arabera, egunero-egunero gure herrira etorriko diren dozenaka eta dozenaka kamioirekin batera bizi beharko dugu. Atoi konpaktatu handiekin, lixibiatuen errekak isuriz, kiratsak zabalduz, zaborren joan-etorri amaigabean ibiliko diren kamioiekin.

Irudika ditzagun, une batean, Zumarraga, Urretxu eta Legazpi aldetik etorriko diren kamioiak, joan-etorriko bidaian. 16 kilometrotan etengabeko zigi-zaga luzeko errepide batean zaborrekin datozen kamioiek gainerako kamioiekin, lineako autobusekin, partikularren ibilgailuekin eta eskualdeko ospitalera joan behar duten anbulantziekin bizi beharko dute. Hori da hori panorama! [...]

Zestoa alderantz, autobidera sartzeko ordainlekuraino doan zirkulazioak ere ez du atarramentu hoberik aterako. Gipuzkoako biztanleen hiru laurdenak Donostialdea-Bidasoa ardatzaren inguruan bizi badira -hor baitaude bizigunerik handienak- badakigu nondik iritsiko zaizkigun zabor guztiak. [...]

Azkenik, Errezilgo errepidea geratzen zaigu (Mandubia alde batera uzten dut, zentzu onagatik), hortik etor baitaitezke Tolosaldea-Goierritik etorriko diren kamioiak, ez badute behintzat Aritzetako lotunera joatea erabakitzen autobidearekin bat egiteko, eta Arroako irteeratik irten.

Hau izango da azpeitiarrok datozen ez dakit zenbat urteetan, jasan beharko dugun egoera, Gipuzkoako zabor guztiak guk hartu behar izatera kondenatuta geratzeaz gain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide