Igerileku berritua astelehenean zabalduko dute

E. Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 11

Datorren astelehenean irekiko dute Azpeitiko igerilekuko eraikin berritua; eta, harekin batera, zerbitzu eta ordutegi berria ere martxan jarriko dituzte hurrengo astean. Ostiral honetan inauguratuko dute eraikina udal ordezkariek, 12:30ean.Beraz, astel...

Datorren astelehenean irekiko dute Azpeitiko igerilekuko eraikin berritua; eta, harekin batera, zerbitzu eta ordutegi berria ere martxan jarriko dituzte hurrengo astean. Ostiral honetan inauguratuko dute eraikina udal ordezkariek, 12:30ean.

Beraz, astelehenetik aurrera Landetako kiroldegiko zerbitzua federatutako kirolarientzat soilik izango da. Hala ere, kirol talde jakin batzuetan federatutako herritarrek bakarrik erabili ahal izango dute; gutxi gorabehera, orain arte eraikin hori erabiltzen zuten taldeetako kideek izango dute sarbidea. Besteak beste, Iraurgi Sakibaloi taldekoek, Kimura Judo elkartekoek, Karatekoek eta Loretoki gimnasia erritmikoko neskek. Horiez gain, tenisa, paddlea, squasha eta boulder eskalada mota praktikatzen dutenek ere izango dute sarbidea, kiroldegiko tabernatik.

Gainontzeko azpeitiarrek Sanjuadegiko eraikinera jo beharko dute kirola egitera. Ina Sagarzazu Kirol Patronatuko zuzendariak azaldu duenez, korrikan ibiltzen diren taldeak ere igerilekuko eraikinera bideratu nahi dituzte. «Lehen ere Landetako eraikina kirol taldeentzat soilik zen, ia-ia. Orain hori formalizatu dugu», esan du Manuel Unanue Kirol zinegotziak.

Zerbitzu berriak ere martxan jarriko dituzte hilaren 16rako; horien artean aipatu dituzte muskulazio gela eta sauna. Orain arte propio ordaindu beharreko zerbitzuak baziren ere, hemendik aurrera doan izango dira bazkideentzat, hau da, urteko kuota ordaintzearekin haietara sarbidea izango dute herritarrek. Muskulazio zerbitzuarekin batera begirale bat jarri nahi dute, azpeitiarrei zer ez duten egin behar irakasteko. Hala ere, zehazteko dago begiralearen ordutegia.

Bestalde, medikuntza zerbitzua ere jarriko dute, aurrera begira, eraikinean. Egiturari dagokionez, markesina jarriko diote sarreran; alegia, hegal moduko teilatua.

Eraikinaren egitura, zerbitzuak eta funtzionamendua ez ezik, ordutegia ere aldatu dute igerilekuko eraikinean. Honakoak dira aldaketak: batetik, astelehen goizetan irekita egongo da Sanjaundegiko kiroldegia, 07:00etatik aurrera; eta, bestetik, astegunetan ordu erdi lehenago etengo dute zerbitzua, 22:00etan beharrean, 21:30ean, hain zuzen.

Unanuek eskerrak eman dizkie kirol batzordeari eta bazkideei «obrak zazpi hilabetez agoantatzeagatik» eta orain artean izan duten «pazientziagatik».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide