Zarauzko Emakumeen Etxeari buruzko bilera bat antolatu du udalak biharko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko martxoaren 11

Proiektua aztertzeko herriko emakumeekin bilduko dira udal ordezkariak, «erabiltzaileek hasieratik berena senti dezaten». Udal gobernuak Villa Mundan kokatzea proposatzen du«Emakumeok geure etxea nahi dugu eraiki. Sare forma eman nahi diogu hari luz...

Proiektua aztertzeko herriko emakumeekin bilduko dira udal ordezkariak, «erabiltzaileek hasieratik berena senti dezaten». Udal gobernuak Villa Mundan kokatzea proposatzen du

«Emakumeok geure etxea nahi dugu eraiki. Sare forma eman nahi diogu hari luze bati». Hala dio Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak idatzitako letrak. Horregatik, espazio sinbolikoaz gain, emakumeentzako espazio fisikoa ere izango dena sortzeko asmoa du Zarauzko Udalak: Emakumeen Etxea, alegia. Horrek emakume guztiak bilduko ditu, haiek harremantzeko eta saretzeko. Eta prestakuntzarako, dinamikak sortzeko... baliagarri izango da. Oro har, Zarauzko emakumeak are gehiago ahaldunduko dituen espazioa izango da.

Zarautz Ehuntzen udalerriko bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko planaren barruan jaso bezala, Zarauzko emakume guztien topalekua izango da. 75. puntuan zehaztu dutenez, bertan ekintza, jabekuntza ikastaro eta emanaldiak burutuko dira, eta Parekidetasun Saila ere bertan kokatuko da. Udal gobernuaren aukeretako bat bilgune hori Villa Mundan atontzea da. Edonola ere, behin-behineko proposamena da hori.

Etxea «propio» sentitzeko

Hain zuzen, udalak herritarrekin osatu nahi du behin betiko proiektua. Zentzu horretan, Zarauzko Emakumeen Etxearen proiektua zehazteko lehen pausoa bihar emango dute. Izan ere, emakume foroa antolatu dute hori guztia aztertzeko eta eztabaidatzeko. Hitzordua Etxezabalako areto nagusian 17:00etan izango da, eta bertan izango dira Ermuko eta Azpeitiko ordezkariak, besteak beste. Haiek beren esperientzia kontatuko dute. Azalduko dute nola sortu zen Ermuko Emakumeen Topalekua eta Azpeitiko Emakumeen Txokoa, eta egun bi gune horiek nola funtzionatzen duten ere jakinaraziko dute.

Halako proiektu batek hasieratik erabiltzaile izango direnen parte hartzea eskatzen duela nabarmendu dute udaletik. Horregatik, herriko emakumeak bertaratzera gonbidatu dituzte, Emakumeen Etxea «berena senti dezaten». Izan ere, abestiak dioen bezala, «denok dugu zeresana, eta denok jakintza. Nolako etxea nahi duzu? Zeurea da hitza».

Bilera horren ondoren, beste bat egingo dute. Udaberri hasieran izango dela aurreratu du udalak. Bertan, ostegunean aztertutakoa abiapuntu gisa hartuta, proiektuaren nondik-norakoez zehatzago hitz egingo dute. Horretarako, emakume zarauztarrek dituzten behar zehatzak hartuko dituzte kontuan, eta horren arabera erabakiko dute gune horrek nolakoa izan behar duen. Aurreikusi dute Emakumeen Etxea 2016rako prest egongo dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide