Otañok eta Saralegik lan ona egin dute Zilarrezko Aizkora lortzeko lehian, baina ihes egin die; zutik jarritako enborraren proban galdu dute denbora Beizamakoak eta Leitzakoak.
Aitzol Atutxa II.ak eta Ugaitz Mugertza II.ak irabazi zuten igandean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako Eusko Label Txapelketako Urrezko Aizkorako finala. 25 minutu eta 20 segundotan bukatu zituzten lanak joan den urteko irabazleek, eta minutu bat eta 39 segundo gehiago behar izan zituzten Jon Rekondok eta Ander Erasunek; hau da, 26 minutu eta 59 segundo, guztira.Bi bikoteek hamaseina mozketa egin behar izan zituzten, sei modalitatetan banatuta, eta nahikoa orekatua izan zen neurketa Izarraitzen. Hala ere, denbora alde zutela jokatu zuten azken proba joan den urteko irabazleek, eta abantaila handitzea lortu zuten azken txanpan.
Otaño, txapeldunorde
Zilarrezko Aizkoraren lehian, berriz, Daniel Vicente eta Iker Vicente aita-semeek eskuratu zuten txapela, Beizamako Eneko Otañoren eta haren bikotekide Eneko Saralegiren kontra. Neurketa oso berdinduta joan zen, eta maila ona erakutsi zuten bi bikoteek, hasieratik.
Zutik jarritako enborraren proban galdu zuten denbora Beizamakoak eta Leitzakoak, eta une horretan ia erabakita gelditu zen lehia. Hala ere, Otañok eta Saralegik maila ona erakutsi zuten iraupen proban, eta jokoa berdintzeko zorian egon ziren. Vicentetarrek, beraz, lehen aldiz irabazi dute saria.