Denok ados gaude puntu batean: harrobia berreskuratzean. Baino ezin dena esan da harrobia berreskuratzeko modu bakarra Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHKak proposatzen dutena dela. Bi erakunde hauek egiten duten planteamendua zera da: «Proiektu honi ezetza ematen badiozu, harrobia ez da berreskuratuko», zigor bat dirudi ezetza emateagatik. Ez du balio esatea bere egunean aurkeztu zen proiektua harrobia berreskuratzeko oso garestia dela, zeren eta erakundeek benetako borondatea izango balute eremu hau berrreskuratzeko, ez gintuzten gogaldi honetan jarriko, «eremu hori proiektu honi baietza ematen badiozu bakarrik berreskuratuko da». Bestalde, esaten zaigu harrobiaren gaurko egoera oso txarra dela eta ustiatzen ari den/diren enpresak kutsadura sortzen ari direla; orduan galdera da: Nork dauka harrobiaren gaurko egoeraren erantzukizuna? Zeinek dauka ingurugiroa eta herritarron osasuna zaintzearen erantzunkizuna? Eskertzekoa da herriari kontsultatzea, baino xantaiarik gabe.
Beraien proiektuan fidatzeko esaten digute. Baina ez da fidagarritasuna kontua, baizik eta ingurumen eta osasun arriskua da herriarekiko dagoen gertutasuna kontuan izanda. Bizigabeak edo inerteak izango direla esaten zaigu ahoz, baino orain arte dokumentatuta inork ez digu demostratu baieztapen hori. Gainera, Gipuzkoako Batzar Orokorretara Bilduk gonbidatuta joan zen Josep Maria Tost i Borrasek (Kataluñako Hondakinen Agentziako Zuzendariak) esan zuen ez duela ezagutzen hondakinak inertizatzen edo bizigabetzen dituen plantarik. Cerdanyolako Elena Harrobian gertatutako desastreari buruz ere galdetu zitzaion. Bere erantzuna zera izan zen, proiektu hura ez zela ondo atera gainerako zatikia tratatu gabe botatzen zelako. (...)
Foru aldundi berak orain Cerdanyolari buruz hitz egia ekiditen du, baina bere dokumentu «Aurrerapen Dokumentuaren Garapenerako Estrategian 2008-2016 (Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Planarena), 59.garren orrialdean, eredu bezala Cerdanyola jartzen zuen: «Kasurik hurbilena Katalunian ari da garatzen, 2005ean Badalonako udalerriko harrobi zahar batean abian jarritako lehen esperientzia pilotuaz (…). UPCk prestatutako txosten teknikoko emaitzen argitan, aktibitate biologikoa zeharo murrizten da denbora gutxian, eta aldi berean nabarmen murrizten da fardel barnean metano gasa sortzea, egonkortzeko joera batez gainera. Lixibiatuak ia-ia agertu ere ez dira egiten, eta sortzen direnak kutsadura maila baxukoak dira».
Beraz, lehen jarraitu beharrekoa zen eredu hau, orain desastre bat izan dela ikustean sortzen dituen lixibiatu eta gasen ondorioz itxi ezinda dabiltzalarik, inork ez du hitz egiten Cerdanyolari buruz. (...)
Irregulartasun hauek denak kasurik onenean prozedura bat jarraitu ondoren multa batekin eta neurriak jartzeko eskaerarekin amaitzen dira, baina ez zabortegia ixten. (...)
Esan dugu harrobia berreskuratzeko modu asko egon daitezkeela eta erakundeak benetako borondatea badaukate, aurkituko dituzte formulak lehenik eta behin, gaur egun harrobia kutsatzen ari diren enpresa ustiatzaileen jarduera gelditzeko eta, bestalde, ekonomikoki eramangarriago den modu batean harrobia berreskuratzeko.
Agintzen zaiguna oso «perfektua» izanda ere, arrisku oso handia dakar berarekin, gauza bat proiektua da eta bestea errealitatean gertatu daiteekena. (...) Beste leku batzuetan gertatu diren adibideak ikusita (beste horrenbeste daude), arrisku hori ez dugu jasan nahi. Kasu honetan daturik garrantzitsuena honako hau da: gure etxe ondoan dago harrobia!
Udala ordezkatzen dugun hiru taldeon helburua oriotarrek 2015 urterako %65a birziklatzea izango da (...) helburua adostearekin batera, hau lortzen ez badugu hartu beharreko neurriak aztertu eta eztabaidatuko ditugu aurrerantzean».
Horixe argitaratu zuen Orioko Hondakinen Mahaiak 2013ko azaroan. Orio Zero Zabor ordurako mahaitik altzata zegoen. Hain zuzen ere, helburua adosteko zailtasunek altza arazi zuten. EAJ?k 2015 amaierarako %65a nahi zuen, Bilduk 2014 amaierarako %70a eta Orainek 2013 amaierarako %35a. Helbururik ez jartzeak gauzek bere horretan jarraitzea suposatzen zuela argi geneukan eta ez geunden prest ezer ez aldatzearen zeharkako erantzule izateko. «Gure izenean ez!» esan genuen.
Hartutako erabakia ona izan zelakoan gaude. Hondakinen Mahaiak helburua zehazteko behar zuen presioa lortu genuelako. Lehenago aipatu dugun horixe da hiru alderdiek adostu zutena: %65a 2015erako.
(...) Asko izan dira Hondakinen Mahaitik bideratutako ekimenak. Zer esan handia eman zuen, esaterako, udaletxeko balkoiko zenbakiak. Irakurtzekoak dira %42 jarri zutenean Karkaran argitaratutako «biba ta txaluak». %39 jartzen du gaur (otsailaren 26an) eta «jendia ixilik, Oriyo atzetik».
Atzetik, oso atzetik dabil gai honetan Orio. (...) Sartu ginen 2015ean eta 26 puntuko gorakada beharko luke gure birziklatze tasak helburura iristeko. Iritsi da, beraz, «hartu beharreko neurriak aztertu eta eztabaidatzeko garaia».
Zentzu honetan, jakina da Orio Zero Zaborrek Gipuzkoako Bilduk egindako urratsak babesten dituela. Errauste plantarik gabeko hondakinen kudeaketaren alde egin dugu beti, murrizketan, berrerabilpenean eta birziklapenean oinarritutako kudeaketaren alde. Bide horretan uka ezina da aldundiak aurrera pauso itzelak eman dituela. Horretarako ezinbesteko baldintza da Gipuzkoako herriek, herritarrek, etxeko lanak egitea. Aldundiak mahai gainean jarri duen kudeaketa eredua ez da posible %39ko birziklapen tasa duten herriekin. Zalantzarik ez daukagu, esperientziak hala erakutsita, gai honetan aurrera egingo badugu eta onartutako helburura iritsi, Orioko Bilduk izan beharko duela motor. Zein dira Orioko Bilduk %65eko birziklapen tasa lortzeko proposatzen dituen neurriak? Bilduri egin diogu galdera zuzenean, baina gustatuko litzaiguke EAJren eta Orainen proposamenak ere ezagutzea.
EAJk lau haizetara zabaldu berri du errauste planta bat egiteko proiektuari berriz heltzeko asmoa duela. Sortuko lituzkeen osasun eta ingurugiro arazoez aparte, Markel Olanok badaki %65a birziklatzen duen gizarte batean erabat defizitarioa dela errauste planta. Markel Olanok behar ditu %39a bakarrik birziklatzen duten herriak, erraustegiak jateko nahiko babarrun izan dezan.(...) %65eko birziklapen tasa helburu duela esaten duenean, nori ari zaio gezurretan Orioko EAJ? Markel Olanori edo oriotarroi? Egiten dituzten proposamenek erakutsiko digute.
Orainen kasua desberdina da. Ez da inoiz mahai gainean dauden bi ereduren baten alde kokatu. Lehenengo erabaki hori hartu beharko du eta horren arabera pausoak eman. Bataren edo bestearen alde ez egiteak gaudenean geratzea esan nahi du, %39 kaxkarrean.
Ez dago aitzakiarik. Zuek, hiru alderdiok, izan zineten helburuak eta epeak jarri zenituztenak. Zuen betebeharra da helburua betetzeko bitartekoak jartzea. Gu, gure aldetik, proposamenak ezagutu eta eztabaidan parte hartzeko irrikaz gaude, herritar guztiekin batera.