Korrika Kulturalaren barruan, Azkoitiko eliza ataritik Balda Plazara eragile ugari izango dira grabaketan. Azpeitiko Triki-bertso bazkarirako txartelak erosi daitezke.
Korrika 19 gerturatzen ari den einean, Korrika Kulturaleko ekitaldiak ere martxan dira han hemenka. Azkoitian talde anitza osatu dute egitaraua antolatzeko, eta erantzuna ere halakoa izan da orain arte. Izan ere, herriko 300 lagun baino gehiago kalera aterako dira bihar goizean, eta Korrika irudikatuz, Lip Dub-a grabatuko dute.Azkoitiko norbanakoez eta familiez gain, herriko talde ugarik hartuko dute parte ekitaldian, besteak beste: Floreaga ikastetxekoak, Xabier Munibe ikastolakoak, Txerloia Tenis Klubakoak, Erniarraitz Bertsozale Elkartekoak, Anaitasuna Futbol Taldekoak, gimnasia erritmikokoak, Emakumeen Mahaikoak, ludotekakoak, patinatzaileak eta Baztarrikaldekoak. «Herrian talde asko daude, eta guztiak euskaraz bizi gara. Bakoitzak berea egiten badu ere, guztiek euskararekin lotura dutela erakutsi nahi dugu», esan du Olalla Epelde Urola Erdiko Korrikako koordinatzailea.
Eliza ataritik Balda Plazara bitartean egingo dute grabaketa, eta aurtengo Korrikaren abestiarekin, talde bakoitzak bere tartea izango du. Gainera, talde bakoitzak bere identitatearekin lotutako zerbait egingo du. Hala, Anaitasunakoak baloiarekin aterako dira, tenis jokalariak erraketarekin, eta gimnasia erritmikoan ere ibiliko dira beste batzuk.
Korrikako arropak dituztenek, horiek jantzita joango dira, eta petoak ere banatuko dizkiete. 11:00etan elkartuko dira guztiak eliza atarian, eta antolatzaileen azalpenen ostean grabatuko dute Lip Dub-a. Sahatsakoak izango dira lekukoa eramaten lehenengoak. Izan ere, eliza atarian, Bizkargi Musika Eskolako abesbatzak aurreskua abestu eta Sahatsak dantzatu egingo du. Hala hasiko da ekimena, eta ondoren parte-hartzaileek Plaza Berria zeharkatuko dute, Balda Plazara iritsi arte. Eskailerak igo, eta eraikin aurrean amaituko dute saioa. Festa giroan egingo dute grabazioa, eta amaitutakoan aurtengo Korrikaren abestia egin duen taldea plazan izango da. Antolatzaileak gustura dira ekimenak izan duen harrerarekin: «Ez genuen espero halako erantzuna izango zuenik. Ibilbidea beteko ez genuen beldurra genuen, baina erraz bete dugu».
Hiru herrietatik, Xoxotera
Biharko Lip Dub-az gain, gaur bertan Laburbiraren, film laburren zirkuituaren emanaldia izango da, 22:00etan, Baztartxo antzokian. Euskarazko zinemagintzaren «perla txikiak» ikusi ahal izango dira bertan.
Datorren iganderako, hilaren 15a, Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik Xoxoterako irteera antolatu dute, eta han erromeria egingo dute. Haruntz joateko, hiru herrietako kirol taldeetan eman daiteke izena, eta Azkoitian, ikastetxeetan ere egin daiteke. Hiru eurotan jarri dute izen ematea, eta trukean salda jasoko dute.
Azpeitian egingo duten Korrikako Triki-bertso bazkarirako ere izena eman daiteke dagoeneko. Martxoaren 22an egingo dute bazkaria, Sanagustin kulturgunean, eta Josune Arakistain eta Julene Otegi trikitilariek eta Nerea Elustondo bertsolariak girotuko dute saioa. 14:00etan hasiko dira bazkaltzen, eta bertara joan nahi duenak hilaren 19ra bitartean erosi dezake txartela, Sanagustinen bertan. Helduek 25 euro ordainduko dute, umeek 12 euro, eta langabetuek eta ikasleek 20 euro.