Mendizaletasunarekin lotutako proiektuak aurkeztu behar dira hilaren 31rako. Apiril bukaeran esango dute nork irabazi duen beka, eta 3.000 eurorekin lagunduko dute lana.
Joxe Takolo Beka martxan da beste urte batez. Beti legez, goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak aurkez daitezke beka eskuratzeko, martxoaren 31ra bitartean, Azpeitiko udaletxeko erregistroan. 2001ean jarri zuten diru laguntza, Joxe Urbieta Takolo Azpeitiko mendizalearen omenez, eta mendizaletasuna sustatzea du helburu. Beraz, proiektu onena aurkezten duen pertsonari edo taldeari, 3.000 eurorekin lagunduko diote Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak, egitasmoa gara dezan. Apirilaren amaiera aldera emango dute haiek erabakiarekin berri.Proiektuek goimendizaletasunarekin lotura izan behar dute, ideia originaletan egon behar dute oinarrituta, eta urtebetean egin behar dira, hau da, 2015ak irauten duen bitartean. Proiektua antolatzen edo parte hartzen dutenek Euskal Herriko mendizaleak, mendi elkarteak edota beste era bateko elkarteak edo taldeak izan behar dute.
Erakundeetako ordezkariek eta adituek batzorde tekniko bat osatuko dute, aurkezten dituzten proiektuen artean onena edo oinarrietara ondoen moldatzen dena aukeratzeko. Beka ematerakoan kontuan izango dute egitasmoaren kalitatea eta elkarteak bere jarduera eremuan eginiko ibilbidea.
Horrez gain, lanari egingo dioten jarraipena eta haren egonkortasuna ere aipatu dituzte deialdian.
Honako ezaugarrei ere garrantzia emango diete, urtero legez: partaide kopuruari, jardueraren iraupenari, zabalkundeari, finantzazioari, jarduera antolatzeko azpiegiturei eta giza baliabideei.
Bestalde, deialdian hala ezarrita, kontuan hartuko dute kirol eta gizarte mailan jarduera horrek duen interesa, antzeko kirol programarik edo eskaintzarik ez egotea eta jarduera hori kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.