«Kuota txikiarekin» bada ere, hasi da berdela sartzen Getarian

Urola Kostako Hitza 2015eko martxoaren 5a

Josu Ezenarro Getariako kofradiako idazkariak HITZAri esan bezala, «motza» izango da berdel kanpaina, hurrengo astean amaituko delako, baina hasi da sartzen arrain hori portura. Asteartean 500.000 kilo inguru sartu ziren Getariara, eta atzo ere irits...

Josu Ezenarro Getariako kofradiako idazkariak HITZAri esan bezala, «motza» izango da berdel kanpaina, hurrengo astean amaituko delako, baina hasi da sartzen arrain hori portura. Asteartean 500.000 kilo inguru sartu ziren Getariara, eta atzo ere iritsi zen, kopuru txikiagoa izan arren. Eguraldi txarra iragarrita zegoenez, atzo gauean ez ziren berdeletara atera barku gehienak, baina gaur jarraitzeko asmoa dute.

Ezenarrok azaldu du lehen egunean barku bakoitza 30.000 kiloko kuotarekin atera zela arrantzara, eta gehienek 25.000 arrantzatu zituztela. Bigarren egunerako kuota txikitzea erabaki zuten, eta gehienez 15.000 kilo arrantzatu zituzten. «Prezioa oso baxua da, lehen egunean kiloa 0,45-0,50 zentimotan ordaindu zen». Argitu duenez, 500.000 kiloetatik zati txiki bat iristen da saltokietara (2-3 euroan saltzen da kiloa). «Gehiena kontserbarako edo izozteko erosten da». Ezenarrorentzat Errusiako merkatua itxi izanak eragina du prezioan, Ukrainako gatazkaren ondorioz. Kuota oso txikia dela ere esan du. «Europa osoko kuotaren %5 bakarrik du Espainiak; oso-oso gutxi da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide