Euripeko egunak!

Ainhoa Alberdi 2015eko martxoaren 5a

Inauteriak, astelehena goizeko 9ak inguru. Chopinen musika loroan. Sukaldean nago. Gosaldu dut eta tipula mozten ari naiz bazkarirako lenteja goxo-goxoak prestatzeko.Kanpoan euria ari du.Leiho aldean hotsak entzun ditut, mugimendua, begiratu dut eta au...

Inauteriak, astelehena goizeko 9ak inguru. Chopinen musika loroan. Sukaldean nago. Gosaldu dut eta tipula mozten ari naiz bazkarirako lenteja goxo-goxoak prestatzeko.Kanpoan euria ari du.

Leiho aldean hotsak entzun ditut, mugimendua, begiratu dut eta aurrez aurre betaurrekodun gizonezko batekin topatu naiz, nire etxeko balkoian dago, berak ere begiratu egin nau. Agurtu egin gara. Gizonezkoa balkoiko horma mailukadaka puskatzen ari da Chopinen erritmoan. Bat-batean, eta ni antzerkilaria izaki, nire etxeko intimitatean eszenatoki gainean egongo banintz bezala da eta, era berean, beraiek ere antzezle izango balira bezala. Hemen ez dakigu ikuslea zein den eta zein den aktorea, biak baitira ikusle eta aktore, begiratzen duenaren araberakoa da. Kuriosoa da sentsazioa.

Bat-batean bi zango ageri dira leiho pareko aldamioan, bi zango gerri pareraino. Lentejak bota ditut lapikora. Musikak darrai, Chopin. Uraren hotsa Chopinen erritmoan lentejak bainatzen. Zoragarria!!!

Lentejak sutan jarri ditut musikak gorengo erritmoa hartzen zuen momentuan, orgasmo baten gorengo puntua lez. Kandelaren suak erakarri nau orain. Honek ere musikarekin dantza egiten duela dirudi, musika eta norbait begira edukitzearekin hau ere harrotu eta dantzan jarriko balitz bezala eta erritmoa eramaten du gainera... Soinuaren bibrazioan mugitzen da...

Kanpoan euria ari du. Eta beste gizon bat balkoian. Oraingoan bi dira, balkoietako kristalak kentzen ari dira. Gure etxea biluzten ari dira, gero beste jantzi berri bat egin ahal izateko, sugeak bere azala aldatzen duen moduan. Goiko aldamioan eskailera batzuk. Zangoak gora eta behera musikaren erritmoan koreografia bat bailiran. Tok, tok, tok... Mailu hotsa etengabea da, baina Chopinen musikarekin bat-batean dena poesia bihurtu da. Katua etorri da mahai gainera. Antzerkian ikusten ditugun zenbait eszena baino askoz interesgarriagoa, bizitza bera antzerki bihurturik, edo antzerkia bera bizitza bihurturik... Katuak mailukadaka balkoia puskatzen ari den gizonari begiratzen dio tinko, eta berriro ere goiko aldamiotik bi zangoak oinez pasa dira.

Eta beraiek zer ikusiko dute barrura begiratzean?

Chopinen musika ozta-ozta iritsiko zaie. Emakume bat gosaltzen aulkian eserita, mahai baten aurrean, kandela bat pizturik. Tipula bat hartu du eta txikitzen ari da labanaren mugimenduak musikarekin bat egingo balu bezala, dantza zoragarri batean, negarrez ari da (tipularen eraginez), musikak gora egiten du, tipula lapikora bota, lentejak bota, tapa jarri eta musikaren momenturik gorenean lentejak sutan jarri ditu. Gero idaztera eseri da. Noizean behin kanporantz begiratzen du. Katua etorri zaio mahai gainera...

Lapiko espresa txistuka hasi da, publikoa txaloka hasiko balitz lez, txaloak gero eta ozenagoak dira eta antzerkiak darrai; emakumea idazten barrenean, katua bere aldamenean kalera begira, balkoian gizonezkoa mailukadaka dena puskatzen. Musika bukatu da eta lapikoak gorengo puntua eman du txalokadatan. Zutitu eta agurtzeko gogoa ere sentitu dut, edo balkoira irten eta lanean ari den gizonari txalotzekoa, baina ez naiz ausartu ez bata, ez bestea egiten, lotsatia naiz batzuetan. Idazten jarraitu dut...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide