Emakundek ohartarazi du berdintasunaren arloan «gizartea atzera egiteko arriskuan» dagoela. Eskualdean ekintza ugari egingo dituzte egunotan, gaiaz sentsibilizatzeko
Igandean Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izango da, eta askok astea baliatuko dute haien eskubideak aldarrikatzeko. Eskualdean, herrietako erakunde, elkarte eta eragile askok bat egin dute berdintasun mezuak zabaltzeko, emakumeak batzeko eta haien eskubideez hausnartzeko ekitaldiak prestatzeko. Horren adibide, Azpeitiko eragileak: «jendarte eredu berria» eraikitzeko bidea zabaldu nahi izan dute, «bakoitza lanean eta borrokan gabiltzan eremutik» Emakume Mahaiak, Bilgune Feministak, Gaztetxeak, Natul euskara taldeak, Ernaik, Ta3 Zineklubak, Baigerak, Sanagustin kulturguneak, Elkar-ekinek, Udaleko Gazteria Sailak, Orkatz Kultur Elkarteak eta EH Bilduk.Izan ere, euren aldarrikapena emakumeen eskubideen lorpenetatik haratago doa, eta Azpeitia «balio feministetan» oinarritutako herri izatea nahi dute: «Indarkeria matxistarik gabekoa, hezkidetzailea, zaintza eta bizitza erdigunean dituen eredu soziekonomikoan oinarritzen dena, aniztasun funtzionala duten pertsonez osatua, euskalduna, kultura kritikorako eta eraldaketa sozialera irekita egongo dena, jatorri desberdinetako herritarrez osatua eta ingurumenarekin konprometitua». Hala esan zuten eragileek egindako agerraldian. Jakitun dira hori guztia ez dela berehala lortzen, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa delako. «Are gehiago, jendartean bizitzen ari garen balio tradizionaletarako inboluzioa kontuan hartzen badugu».
Salatu dute emakumeak «erasoaldi gogorrak» jasaten ari direla, haien arabera, «botereak krisi ekonomikoa baliatzen duelako emakumeei euren rolaren arabera atxiki zaizkien betebeharrak inposatzeko». Horien adibide bezala, aipatu dituzte abortuaren legea aldatzea, LOMCE legea eta AEBen eta Europaren arteko Inbertsio eta Merkataritzarako Ituna. Ildo horretatik, Emakundek ere ohartarazi du gizartea «atzera egiteko arriskuan» dagoela, azken hamarkadetan «berdintasunerantz aurrera» egin badu ere. Horregatik, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako eskubidea egia bihurtzea aldarrikatu dute.
Herri txiki eta handietan
Ia eskualde osoan egingo dira datozen egunetan ekitaldiak. Errezilen ere elkarlanean prestatu dute Berdintasun Astea, eta Saiaz Mankomunitatearen Berdintasun Planaren barruan, Errezilen, Bidania-Goiatzen eta Albizturren izango dira saioak. Zarautzen, berriz, udala gaur da aurkeztekoa hirugarren Parekidetasun Plana, Martxoaren 8ko egitarauarekin batera. Emakumeek bizi duten egoera salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte igandean bertan, eta horrez gain, gaiaz eztabaidatzeko hitzaldiak, film emanaldiak, festak, eta musika festak egingo dituzte hainbat herritan.
Azpeitian, esaterako, Parekidetasun Sailak eta Emakumeen Mahaiak Emakumeen Binakako I. Pala Txapelketa prestatu dute, eta izena martxoaren 10era bitartean eman daiteke, Parekidetasun Sailean, (943-15 79 28), Emakumeen Txokoan (943-15 70 55), kiroldegian (943-81 30 69) edo igerilekuan (943-81 41 21). Egutegia izena ematen dutenen arabera zehaztuko dute, eta finala emakumeen ikasturte amaierako jaialdian jokatuko dute, maiatzaren 22an. Doan eman daiteke izena, eta banaka edo binaka hartu ahal izango da parte. Irabazleek jaialdiko afarirako txartela eta sari bat jasoko dute.