Eskubide Sozialen Karta onartuta, manifestaziorako deia egin dute

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 27a

2013tik Azpeitian, Getarian eta Zumaian lantzen ari diren karta onetsi dute eskualdeko eragile sindikal eta sozialek; hori aldarrikatuko dute martxoaren 14ko manifestazioan.Eskualdeko gehiengo sindikalak eta eragileek martxoaren 14an Bilbon eta Iruñea...

2013tik Azpeitian, Getarian eta Zumaian lantzen ari diren karta onetsi dute eskualdeko eragile sindikal eta sozialek; hori aldarrikatuko dute martxoaren 14ko manifestazioan.

Eskualdeko gehiengo sindikalak eta eragileek martxoaren 14an Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioetara joatera deia egin dute. 2013az geroztik Azpeitian, Getarian eta Zumaian lantzen ari diren Eskubide Sozialen Karta onetsi dute berriki, eta bertan jasotako puntuak aldarrikatuko dituzte Aldaketa soziala orain, alternatibak ditugu! lelopean egingo duten manifestazioan.

Gehiengo sindikalak, hau da, ELA, LAB, STEE-ELIAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuek egin dute manifestaziorako deia, eskualdeko eragileen laguntzarekin. Honako eragileek parte hartu dute aurkezpenean: Azpeitiko pentsiodunek, Bilgune Feministak, Elkar-ekinek, Baigerak eta Ernaik. Martxoaren 14ko manifestazioez gain, ez dute eskualde mailan beste ekitaldirik egingo; izan ere, «indar guztiak» manifestazio nazionalean jarri nahi dituzte.

Dagoeneko urtebete pasatxo daramate sindikatuek gainontzeko eragileekin karta soziala lantzen. Horri jarraiki, bi puntu zehaztu dituzte, beraien eskaeren oinarri bezala: «Bizitzaren iraunkortasun orekatua erdigunean duen gizarte eredua sortzea» eta «gai ekonomiko, sozial eta lan arlokoetan erabakitzeko ahalmena izatea». Bestalde, jakinarazi dute, beraien ustez, manifestazioa «ezinbesteko» tresna dela, finkatutako helburuak lortzeko.

Gehiengo sindikalak eta eragileek adostutako kartak hamalau puntu ditu, bost esparrutan banatuta. «Aurrekontu fiskalitate eta politika sozialen aldaketa» da lehen multzoa. Horri jarraiki, eskatu dute Espainiako Estatuaren murrizketei muzin egitea, ondasunen banaketa justuagoa bultzatzea, zerbitzu publiko propioak sustatzea edota euskubide sozialak aitortzea eta babestea, besteak beste. Bigarren multzoa enpleguari begira sailkatu dute. Bertan jaso dituzte soldaten hobekuntza, lanorduak murriztea, aparteko orduak kentzea, erretiro adina aurreratzea eta gutxieneko soldata igotzea. «Parte hartzea» izan dute mintzagai hirugarren esparruan. «Gizartearen parte hartzea bermatzeko», honakoak exijitu dizkiete sindikatuek erakundeei: parte hartze demokratikoa ahalbidetzea eta herritarrek zilegitzat jotzen ez duten zorraren ordainketari muzin egiteko konpromisoa hartzea.

«Herritarren ongizateari begira», berriz, esan dute beharrezkoa dela pertsonak, herriak eta natura «lehenestea», multinazionalen negozioen etekinen aurretik. Zainketa lanen aitortza eta banaketa galdegin dute, bestalde; eta berdintasuna aldarrikatu dute: genero, adin, sexu joera eta jatorri diskriminazioa alde batera utzita.

«Demokrazia eta eskubide kulturalen defentsa» aipatu dute azkenik. Horretarako, esan dute «askatasun demokratikoen murrizketa» alboratu behar dela, baita «mugimendu sindikalaren eta sozialaren aurkako errepresioa ere».

Emakumeek pairatzen duten zapalketa gelditzeko eta euskararen normalizazioa erdiesteko pausoak emateko ere eskatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide