Igandetik aurrera autobus zerbitzua zabalagoa izango da Urola Kostan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko otsailaren 26a

Eskualdeko herrien arteko loturak, hiriburuarekikoak eta ospitaleetarako zerbitzuak hobetu ditu aldundiak, herritarren ekarpenak jasotaAmaitu dute «azken hilabeteetan Gipuzkoan inoizko parte hartzerik handiena» izan duen prozesua, Lurraldebus autobu...

Eskualdeko herrien arteko loturak, hiriburuarekikoak eta ospitaleetarako zerbitzuak hobetu ditu aldundiak, herritarren ekarpenak jasota

Amaitu dute «azken hilabeteetan Gipuzkoan inoizko parte hartzerik handiena» izan duen prozesua, Lurraldebus autobus zerbitzu berriak zehaztearen ingurukoa, alegia. Horren helburua herrien arteko loturak hobetzeko gipuzkoarren iradokizunak jasotzea izan da. Ia 5.000 ekarpen egin dituzte, eta aldundiak esan du horien %75 inguru hartu dituela kontuan. Hori dela-eta, erakundeak esan du garraio publikoan egin ohi duen inbertsioa %36 igo dela.

Eskualdez eskualde pixkanaka hasiko dira zerbitzu berriak martxan jartzen, eta Urola Kostari dagokionez, igande honetatik aurrera izango dira indarrean. Unai Erroitzenea Mugikortasun eta Garraio zuzendariak nabarmendu du denbora beharko dela zerbitzu berri horiek finkatzeko eta ondorioak ateratzeko, gerora ere hobetzen joan ahal izateko. Aurreratu du jai egutegi bat ere egingo dutela, eta udalekin elkarlanean zerbitzu berriak lantzeko asmoa dutela.

Eskualdeko ordezkari politikoak «gustura» agertu dira zerbitzu hobetuarekin. Zarauzko zinegotzi Mikel Goenagak eskerrak eman dizkio aldundiari herri arteko harremanak hobetzeko egindako lanagatik. Zarautzen kasuan, hiriburuekin loturak hobetzeko «eskaera historiko bat» bazegoela gogoratu du, eta udalerria Gasteizekin lotzeaz gain, aurrerantzean Zarautz eta Bilbo ere lotuko dituztela adierazi du: «Pauso garrantzitsua da».

Bat egin du harekin Urola Erdiko mankomunitateko lehendakari Leire Etxanizek: «Orain arte igandeetan Donostiara joateko hiru autobus zerbitzu genituen, eta lehenbizikoa 15:00etan izaten zen. Azkoitiarrentzat eta azpeitiarrentzat sekulako hobekuntza da honakoa». Prozesuaren garapena goraipatu du Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak ere: «Denok izan dugu aukera gure ahotsa entzuteko». Baina, batez ere, planteamendua bera nabarmendu du: «Oso orekatua da, ez ditu herri handiak bakarrik kontuan hartzen, herri txikien beharrak ere aintzat hartzen ditu. Lurralde orekaren ikuspuntutik aldaketa positiboa da». Alvaro Villar Aizarnazabalgo alkateak esan du aldaketak herritarren beharretara moldatu dituela aldundiak, eta hori dela lan egiteko «modu zuzena»: «Emango ditu bere fruituak».

Datozen egunetan eskualdeko etxeetara bidaliko dute zerbitzuen inguruko informazio osoa, eta www.lurraldebus.eus webgunean ere eskuragarri dagoela gogoratu du Erroitzeneak. Herritarrak garraio publikoa erabiltzera animatu ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide