Urola Kostako Udal Elkarteak aholkularitza zerbitzua eta materiala emango die ikastetxeei. 2015ean 150 familia autokonposta egiten hastea ere lortu nahi dute
Eskualdeko 791 familiak egiten dute konposta etxean, auzoan edo komunitatean. Urola Kostako Udal Elkarteak 2015erako herritarren artean konposta egitea sustatu nahi du. Horretarako, berrikuntza bezala Zarauzko eta Zumaiako hainbat ikastetxe konpostaren gaia lantzen hasi dira Zisare proiektuaren barruan: Zarauzko Antoniano, La Salle, Salbatore Mitxelena Ikastola eta Lizardi Institutua alde batetik, eta Zumaiako Oikiako Eskola eta Herri Eskola, bestetik. Denera eskualdeko 367 ikaslek parte hartuko dute egitasmoan, Lehen Hezkuntzako 4.mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara bitartekoak.Udal Elkarteko arduradunek uste dute egokia dela konpostaren gaia ikastetxeetan modu sistematikoan eta iraunkorrean lantzea. «Are gehiago, kontuan hartzen badugu handia dela ikastetxeetako jangeletan sortzen den hondakin organiko kopurua». Ildo horretan, hiru helburu ditu proiektuak. Alde batetik, eskualdeko ikastetxeek konposta egitea eta horiek tratatzeko bidea barneratzea lortu nahi dute. Bestetik, ikasleak hondakinak berrerabiltzearen eta konposta egitearen garrantziaz kontzientziatu nahi dituzte. Horretaz gain, konposta prozesuaren edukia ikastetxeetako curriculumean barneratu nahi dute. Helburuak lortzeko Udal Elkarteak aholkularitza zerbitzua, laguntza eta materiala emango die ikastetxeei proiektuak garatzeko: baliabide materialak, konpostan aditua den baten laguntza, baliabide didaktikoen multzoa eta eguneroko jarraipena egiteko metodologia sistematizatua. Gainera, Sizare egitasmoan ikastetxeek elkarren berri izan dezaten zisare.org helbidean blogak izango dituzte.
2005etik martxan
Urola Kostako Udal Elkarteak 2005ean jarri zuen martxan etxean konposta egiteko kanpaina. Ordutik indarra hartu du ekimenak, eta bultzada eman nahi dio 2015. urtean zehar. Horretarako, autokonpostagailua duten familien jarraipena egingo dute; aholkuak emango dizkiete, eta zalantzak argitu. Bestetik, auzo konposta egiteko eremuetara bisita egingo dute teknikariek hilero mantenu lanak egiteko. Gainera, udal elkarteak 150 familia berrik konpostagailua jartzea lortu nahi du, eta horretarako deialdia egingo du. Berrikuntza modura, aurtengoan deialdi berezia egingo dute Aian, etxean konposa egin dezaketen etxebizitza kopurua altua duelako herriak.
Horretaz gain, Konposta Bikaina lehiaketa martxan jarriko dute martxotik aurrera, etxean edo auzoan konposta egiten duten familien ahalegina saritzeko, bereziki konposta ondo egiten dutenen ahalegina.