Giza eskubide urraketen 97 biktima zenbatu dituzte 1960-2014 artean

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 26a

Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxeberriak eta Carlos Martin Beristainek egin dute Azpeitian azterketa «muga ideologikorik gabe». Autokritika egin du alkateak.Giza eskubideen urraketen 97 biktima eta 150 eraso zenbatu dituzte Azpeitian Paco Etxeber...

Aranzadi Zientzia Elkarteko Paco Etxeberriak eta Carlos Martin Beristainek egin dute Azpeitian azterketa «muga ideologikorik gabe». Autokritika egin du alkateak.

Giza eskubideen urraketen 97 biktima eta 150 eraso zenbatu dituzte Azpeitian Paco Etxeberria eta Carlos Martin Beristain ikerlariek 1960 eta 2014 urteen artean. Horretarako, aurrez argitaratutako datuak bildu, aztertu eta ebaluatu dituzte; hala nola, prentsako artikuluak, liburuak, epaitegietako aktak eta poliziaren txostenak. Horrez gain, dozenaka lekukorekin zuzeneko harremana izan dute, eta haiekin zenbait grabazio egin dituzte. Javi Buces Aranzadiko historialaria arduratu da herritarrekin egoteaz.

Modu horretara zenbatu dituzte azken 54 urteetan azpeitiarrek pairatu dituzten erasoak, torturak, bahiketak, estortsioak eta abar, baita herrian izandako hilketak ere.

Metodologia zientifikoa erabili dute ikerlariek, Juantxo Agirre Aranzadiko idazkariaren arabera. «Txosten honek ez du interpretaziorik, datu guztiak zehaztak dira, zintzoak, eta berdin balio dute ezker abertzaleko edo PSE-EEko kideentzat», esan du Agirrek. «Lan hau aitzindaria da Euskal Herrian; izan ere, ez da horrelako ikerketa zehatzik egin orain arte», gehitu du. Bi zati ditu eginiko lanak: batetik, datu basea sortu dute, eta hori kontsultatzeko arau batzuk ezarriko dituzte; bestetik, publiko egingo duten txostena dago.

Txosten horretan gehitu ez dituzten biktimak ere badira, ordea. Ordezkarien arabera, lana marko legalaren barruan egin behar zutela-eta, zenbait biktima kanpoan utzi behar izan dituzte. Adibidez, Pasaiako sarraskian hil zituzten bi pertsonak, ofizialki, borondatezko borroka batean hil ziren, eta Aranzadik ezin izan ditu biktimatzat hartu. Bestalde, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak «legea erabiliz egin diren urraketak» izan ditu mintzagai, itxierak edo ilegalizazioak, kasu.

Udalaren irakurketa

Etxeberriak eskerrak eman dizkie Aranzadiko kideei; eta, batik bat, ikerketan parte hartzeko adorea izan duten herritarrei: «Badakigu ez dela erraza eskubideen urraketez hitz egitea, 1960 eta 2014 arteko tarte hori oso gertukoa baita», nabarmendu du.

Etxeberriak esan duenez, lana publiko egingo dute, datorren aste ingururako. Haren ustez garrantzitsua da ikerketa herritarren esku egotea eta zabalik edukitzea, hemendik aurrera gertatzen diren urraketak ere jasotzen joan daitezen: «Bizirik dagoen dokumentua izan behar du sufrimenduaren mapak».

Autokritikarako ere abagunea izan du alkateak. Honakoa adierazi du: «Inori ezer eskatu aurretik, norberak bere buruari exijitu behar diola uste dut. Hori dela-eta, nik, Azpeitiko alkate bezala, aitortzen dut, ziurrenik, ez dudala nahikoa egin sufritu duten biktimengatik. Ziurrenik ez dut dagokidan maila ematen jakin; eta, ondorioz, beraien burua babestu gabe sentitzen duten biktimen aurrean esan nahi dut gure indarrak biderkatuko ditugula aurrera egiteko, eta pertsonalki saiatuko naizela horretan».

Haren hitzetan, «iragana ezin da aldatu, baina etorkizuna bai», eta hori «denen ardura da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide