Egun bertan ezingo da izena eman Azpeitiko lasterketarako. Euskadiko Txapelketa izango da igandekoa, eta ibilbide berria estreinatuko dute, plazatik hasita.
VII. Zuzenien lasterketa bertikalean parte hartu nahi dutenek gaur dute izena emateko azken eguna, 20:00ak bitartean. Inskripzioa Internet bidez soilik egin daiteke; izan ere, aurtengoan, ez dute egunean bertan, igandean, izena emateko aukera jarriko. Dagoeneko ia 200 kirolarik eman dute izena proban, eta 250 pertsonak har dezakete parte, gehienez. Izena eman nahi dutenek www.kirolprobak.com webgunean egin dezakete.Bestalde, bi berritasun nabarmendu ditu Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak: lasterketa Euskadiko Txapelketa izango dela, eta ibilbidea aldatu dutela. Horrenbestez, urtero legez, Euskal Kopako proba puntuagarria izango da Zuzenien, beste bost lasterketarekin batera; baina, horrez gain, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute parte-hartzaileek. Beraz, igandeko lasterketa irabazten duten kirolariek, gizonek zein emakumeek, Mendi Lasterketa Bertikalen Euskadiko Txapelketa eskuratuko dute, eta lehen hiruek Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute.
Ibilbideari dagokionez, esan dute aurtengoa luzeagoa izango dela: «3.300 metro inguru izango ditu lasterketak, eta 825 metroko malda». Orain arte lasterketa Ezkerretegi paretik hasten bazen ere, aurten, Iturri Txikitik hasiko da, plaza obratan dagoela-eta. Handik Komuntzora igoko dira mendi lasterkariak; ondoren, Takolora joango dira, eta eskuineko aldetik igoko dute Urreta. Amaitzeko, San Inazioren estatuara igoko dira. Antolatzaileen hitzetan, «guztiz aldatu» dute ibilbidea, ez lehengoa ez zitzaielako gustatzen, «berritzeko gogoa» zutelako baizik. Zirkuitua aldatu dutela-eta, orain arte eginiko orduak eta markak deuseztatu egingo dituzte, eta igandeko proban hasiko dira berriro errekorrak eta batezbestekoak ezartzen.
Ordutegiei dagokienez, antolatzaileek eskatu dute lehen korrikalariak 08:30ak alderako joatea plazara, dortsalen bila. Gainontzekoek irteera baino bost minutu lehenago jaso beharko dute zenbakia. Dena dela, lehen korrikalarien kasuan, 09:45erako irteera puntuan egoteko eskatu dute.
Lehen probak bide berrian
Jexux Zelaia lasterkariak entrenamendu saio batzuk egin ditu ibilbide berrian; eta, haren arabera, hiruzpalau minutu luzeagoa da aurtengo proba. Bestalde, esan du «aldapa gogorrak» izango dituela lasterketak, eta bukaera «oso teknikoa» dela: «Kontuz ibili beharreko bukaera izango du aurtengo lasterketak, ez da arriskutsua, baina eskuekin lagundu beharko diote oinei kirolariek». Horrez gain, kirolariak nabarmendu du sokekin igo beharreko zatia ere kendu dutela zirkuitotik.
Hala ere, Zelaiak uste du mendi lasterketa ikustera joango diren herritarrentzat, «bista gehiago» dituela Zuzenien lasterketak aurtengoan, eta «egokiagoa» dela haientzat.
200 lasterkaritik gora
Dagoeneko 200 kirolarik eman dute izena proban, eta haien artean honakoak nabarmendu dituzte antolatzaileek: Iñigo Lariz, Imanol Goñi, Walther Becerra, Javi Dominguez, Nerea Amilibia, Aitziber Ibarbia eta Nerea Urkizu, besteak beste. Azpeitiarrak ere ari dira izena ematen, esate baterako hauek hartuko dute parte: Jexux Zelaiak, Joseba Ortegak, Xuban Manzisidorrek, Ander Garmendiak eta Vanesa Cerrajerok.
Sariei dagokienez, lehenbiziko sailkatuak 250 euro irabaziko ditu; bigarrenak 200 euro eta, hirugarrenak, 150. Sari gehiago ere emango dituzte.