Azpeitirako eta Errezilerako ere ekitaldiak antolatu dituzte, adin guztietako herritarrentzat. Martxoaren 1ean amaituko da egitasmoa, Xalbadorri buruzko dokumental emanaldiarekin.
Erniarraitz Bertso Elkarteak antolatutako Bertso Astea estreinatu zuten atzo, Azkoitian, bertso-potearekin. Horretarako, herriko kaleetan kantari ibili ziren Xebastian Lizaso eta Amets Arzallus. Erniarraitzen ekitaldiak, ordea, hasi besterik ez dira egin, eta beste lau saio dituzte antolatuta Azpeitian eta Errezilen.Gaur bertan, Etxepare Rap-en emanaldia ikusgai izango da Azpeitiko Gaztetxean. Bihar, berriz, merienda egingo dute bertso eskoletako ikasleekin, Azpeitiko Ziripoten Benta elkartean. Errezilera begira, Kulunkantauri lana antolatu dute haurrentzat, igandean, 17:00etan Borondegin; eta zikloa ixteko, matxoaren 1ean, Xalbador: izena eta izana dokumentala emango dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 18:00etatik aurrera.
Jokin Uranga Erniarraitzeko kidearen arabera, elkartearen barruko herri guztiei eman nahi izan diete «espazioa» Bertso Astean. Herriez gain, adin tarteak ere kontuan izan dituzte antolatzaileek: «Ikusten dugu bertso zaletasuna adin guztietara iristen dela gure herrietan, eta denak kontuan izan ditugu: haurrak, helduak eta adinekoak».
Erniarraitzentzat, nolabaiteko topagunea izan daiteke Bertso Astea, herri desberdinetako bertso ikasleentzat eta zaleentzat.