Zumaiako Udaleko Euskara Sailak laugarrenez antolatu du egitasmoa. Datorren asteazkenean hasiko dira hitzaldiak. Ekolinguari buruzko mahai-ingurua egingo dute
Euskara ardatz duen hitzaldi zikloa antolatu du laugarren urtez Zumaiako Udaleko Euskara Sailak. Gaur arratsaldean zen hastekoa Euskara, bestela ez gara egitasmoa, baina astebetez atzeratu dute, Iñaki Iurrebaso hizlariak ezingo duelako bertaratu. Hala, gaur zortzi ekingo diote zikloari, eta Josu Waliño zumaiarra izango da hizlaria. Puntueus domeinuaz ariko da; bera da fundazioko lehendakaria. Martxoaren 4an Lorea Agirrek hizkuntzaz eta nortasunaz hausnartuko du; eta martxoaren 11n Ekolingua izango du hizpide Iñaki Markok. Ondoren, mahai-inguru bat egingo dute Zumaian egindako Ekolingua saioko parte-hartzaile batzuekin.Ekolingua jokoa euskararen eta beste hizkuntza gutxitu batzuen inguruan hausnartzeko diseinatutako mahai-joko bat da, talde txikietan jokatzen dena gidari baten laguntzaz. Proiektu pilotu moduan aurkeztu zuten iaz herri batzuetan, eta Zumaian hil honetan ospatu dute saio bat. Bertan 60 lagun inguru bildu zirela azaldu du Josune Herrarte Zumaiako euskara teknikariak. «Jokoa aitzakia bat da herritarrak hizkuntzaz hitz egiten jartzeko. Euskaraz dakitenak eta ez dakitenak elkartu ziren, eta giro onean nork bere ikuspuntua plazaratu zuen». Martxoaren 11ko hitzaldian eta mahai-inguruan saio hartan bizitakoa azalduko dute, baita han ateratako ondorioak gizarteratu ere.
Hitzaldi zikloaren ibilbidearekin gustura daude Euskara Sailean. Herrarteren arabera entzule fidelak lortu dituzte, eta uste du egitasmoarekin «gaiaren inguruan aberasten eta janzten» ari direla horiek. Gaineratu du bestelako ekimenetarako ere harremana eta kolaborazioa lortzen ari direla entzule horiekin.
Gaur bertan behera utzi duten saioak oraingoz ez du data berririk, baina martxoan egingo dutela uste du Herrartek. Iurrebasok 1981-2001 artean herri euskaldunek izan duten bilakaera soziolinguistikoaz hitz egingo du.