Asteburuan Inauteriak ospatuko dituzte eskualdeko herrietan, eta kalejirak eta lehiaketak izango dira han-hemenka. Azpeitian, egitarau oparoa izango dute gaurtik asteartera
Festak beti egon ohi dira umorearekin lotuta, baina ez dago Inauteriak baino jai alaiagorik. Irudimenaren eta zoramenaren festak dira. Lotsak alde batera utzi, eta maite den idoloa edo gorroto den pertsonaia imitatzeko, aspaldiko garaiak gogoratzeko, inoiz janztera ausartu gabeko arropak soinean jartzeko edo besterik gabe, ondo pasatzeko garaia izaten dira Inauteriak, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Eskualde osoan ospatuko dituzte festak, eta ohi bezala, mozorro desfileak eta lehiaketak egingo dituzte ume eta helduek.Bereziki Azpeitian ospatuko dituzte jaiak. Ohi bezala, Txikiteo Elegante Eguna ospatuko dute etzi, mozorroak armairutik atera bezperan.