Arteari, historiari eta naturari lotutako tailerrak, ibilbideak eta bisitak egingo dituzte hurrengo asteburuan Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zestoan
Jolastera? Museora! egitasmoa jarri dute martxan estreinekoz Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako museoek, Kultura Saretzen proiektuaren barruan. Helburua da museoen kultura bultzatzea. Lehenengo aldi honetan, Gipuzkoako 25 herritako 44 museok hartu dute parte, horien artean Getariako Balentziaga Museoak, Aiako Iturraran Parketxeak, Pagoeta Euskal Arrazen Aterpeak eta Agorregiko Burdinola eta Errotak, Orioko Done Jakue Bidearen Interpretazio Zentroak, Zarauzko Photomuseumek eta Zestoako Ekainberrik.Guztira 47 ekintza antolatu dituzte sarean egindako lana indartu eta ondarea ezagutzeko asmoz, eta sei gaitan banatu dituzte: artea, historia, burdina, itsasoa, natura eta gastronomia. Gai bakoitzari lotutako museoek asteburu bana hartuko dute, eta ekintzak gaurtik martxoaren 22ra artean egingo dituzte.
Familiei zuzendu diete egitasmoa, eta aldundiak adierazi du irudimena lantzeko eta jolasteko aukera izango dutela museoetan. Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuaren arabera, proiektu berritzailea da abiatu dutena, eta museoengandik jaso duten erantzuna «paregabea» izan da. Museoak bezala, egingo dituzten jarduerak ere izaera desberdinetakoak izango dira. 47 ekintzetatik 15 tailerrak izango dira, 25 ibilbideak eta 17 bisita gidatuak.
Gaur abiatuko dute, eta aurreneko asteburuan burdina izango dute ardatz. Hurrengo asteburuan, berriz, arteari lotutako museoek hartuko dute lekukoa, eta besteak beste, Getariako Balentziaga Museoak hartuko du parte. Haria jarraitu! bisita tailerra egingo dute otsailaren 21ean, 11:00etatik 13:00etara. Sei eta hamabi urte bitarteko umeei eta familiei zuzenduta, museoko bilduma modu ludikoan eta sortzailean eskainiko diete. Jantziak ezagutzeko eta aztertzeko aukera izango dute, eta ehun zuntzen jatorria ezagutuko dute. Hurrengo egunean jantziak sortzeko prozesuan murgilduko dituzte neska-mutilak. Jantziak sortzeko oinarrizko erremintak eta materialak ezagutuko dituzte. Informazio osoa 943-00 47 77 zenbakian aurkitu daiteke.
Otsailaren 27tik martxoaren 1era itsasoaren inguruko «altxorrak» aurkitu ondoren, martxoaren 6tik 8ra historiaren txanda izango da, eta 18 ekintza egingo dituzte 17 museotan, besteak beste Aian: Iturraran Parketxean, arkeologia esperimentala egingo dute martxoaren 7an, 10:00etatik 12:00etara. Agorregiko Burdinola eta Errotan, berriz, uraren aprobetxamendurako sistema ezagutuko dute martxoaren 8an, 11:30ean. Hari buruzko informazioa, berriz, 943-83 53 telefono zenbakira deituta lortu daiteke. Orion, berriz, Done Jakue Bidearen Interpretazio Zentroa ezagutuko dute martxoaren 7an eta 8an.
Zarauzko Photomuseumek ere argazkigintzaren historia azalduko du Argazkigintzari hurbilduz ekintzaren bidez. Argazki tekniken garapena, genero desberdinak eta argazkigintzaren erabilerak aztertuko dituzte martxoaren 7an eta martxoaren 8an. Zestoako Ekainberrin, Apaindu zure historiaurrea! tailerra egingo dute egun horietan. Historiaurrean gizakiak beraien burua apaintzeko zituzten moduak azalduko dituzte. Pintura eta hainbat zintzilikariren bidez, kide bakoitzaren nortasun eta gustuak azaltzeko modua erakutsiko diete. Era berean, bi egun horietan Ekainberriko sarrerak erdiprezioan egongo dira salgai. Horretarako, erreserba bat egitea gomendatu dute.
Martxoaren 13tik 15era, gastronomia izango dute ardatz, eta azken asteburuan, martxoak 19-22 artean, naturari lotutako ekintzak egingo dituzte: «Natura inguruneek, parkeek eta erreserbek, dunek, itsasadarrek, mendiek eta ibilbideek naturaren gozamena eskainiko digute». Bederatzi ekintza egingo dituzte zortzi museotan, besteak beste Aiako Pagoeta euskal arrazen aterpean. Martxoaren 21ean, 11:00etan, Iturraran Parketxean elkartuko dira, eta ibilbidea hasiko duten gunera autoz joango dira. Ibilbidean zehar Jose Mari Plazaola eta Iñigo Agirre albaitariek animaliei buruzko azalpenak emango dituzte, eta betizuak eta pottokak ikusi eta ezagutzeko aukera izango da.