150.000 euro banatu dituzte bi herrietan jarduera berriak sortzera, eta 35 proiektu lagundu dituzte. Lortutako «emaitza onen» eraginez, berriro zabalduko dute deialdia
Azkoitiko eta Azpeitiko sustapen ekonomikorako bideratutako diru laguntzen plangintzaren balorazioa egin zuten atzo Azkoitiko alkate Urrategi Alberdik, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Jesus Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendariak. Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez, 150.000 bideratu dituzte bi herrietan enpresa eta lanpostu berriak sortzen laguntzera. Laguntzen bidez, 35 proiektu diruz lagundu dituzte, eta guztira zuzeneko 61 lanpostu sortu dira.Udalek eta Iraurgi Berritzenek iaz hasi zuten plangintza, ekintzailetasuna sustatu eta bi herrietan langabezia murrizteko asmoz. «Langabetuei lanpostuak banaka-banaka sortzeko apostua egin genuen», esan du Etxeberriak. Hala, aurreko urtean zehar jarduera berriak sortzeko 150.000 euro zehaztu zituzten, eta kopuru guztia banatu dute. «Jendeak eskaera asko egin ditu, eta mugimendua behintzat badagoela ikusten da». Hiru motatako laguntzak banatu dituzte, eta batez ere izaera soziala eta estrategikoa zuten jarduerak sustatu dituzte.
38 eskaera jaso dituzte, eta haietatik 35 lagundu dituzte kontutan, besteek baldintzak betetzen ez zituztelako. Horren bidez, zehaztutako jarduerak martxan jartzeko aukera izan dute abenduraren bitartean, eta «gutxienez» 61 lanpostu sortu dituzte. Izan ere, lanpostu horiekin enplegu gehiago sortu daitekeela azpimarratu dute. «Albiste hori benetan ona da eskualdearentzat», esan du Agirrek. Sortu diren jarduera gehienak banakakoak eta txikiak izan dira. Diruz lagundu den enpresarik handienak, berriz, 19 langile ditu. Edozein izaera juridikoko enpresak izan dira, eta horien tartean daude sozietate laboralak eta kooperatibak. Izaera estrategikoa edo eskualderako balio erantsia dutenak, berriz, bost enpresa izan dira.
Enpresaren izaeraren arabera, 2.000 eta 43.000 euro bitarteko laguntzak banatu dituzte. Ebazpen guztiak abenduaren 19an onartu zituen Iraurgi Berritzeneko administrazio kontseiluak, eta astearen amaieran ordaintzea aurreikusten dute.
2015ean, beste horrenbeste
Datuak esku artean, «emaitza oso onak» direla azpimarratu du Alberdik, «langabezia murriztea» lortu delako. Hori hala, aurten ere gisa horretako laguntzak emateko asmoa dutela jakinarazi du, eta jarduera berriak sortzeko 150.000 euro banatzeko asmoa dute berriz. Dena den, «oinarriak aztertzen» ari dira egun.
Gogoratu dute eskualdea 2008az geroztik dagoela «krisi gogorrean». Egun, Azpeitian 1.049 langabetu daude Lanbiden izena emanda, biztanleen %14,60a, eta Azkoitian ere antzeko tasa dago: %14,10a dago langabezian, 875 lagun guztira. «Krisiak sortutako egoera sozio ekonomikoak kezkatzen gaitu, eta horren aurpegi nabarmenena da langabezia eta horren ondorioak. Egoera hori nabarmena da eskualdean», adierazi du Agirrek. Horri aurre egiteko, lanpostu berriak sortzea «ezinbestekoa» deritzote, jakin badakitelako «enpresa handi asko» itxi direla, eta horrek zuzeneko eragina izan duela txikietan ere. «Bi aukera izan ditugu: gure eskumenekoa ez dela esan eta dagokien erakundeei exijitzea edo geuk arriskatzea, eta hala egin dugu», gaineratu du Etxeberriak. Abiatutako plangintza hori beste zerbitzu batzuekin batera eskaintzen dute, eta bide horretan jarraitu behar dutela uste dute: «Ahal den guztia ari gara egiten», esan du garapen agentziako zuzendariak.