«Epaiketa berriak etengabe ari dira sortzen»

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 29a

04/08 auzian epaituko dute Antton Gomez Zestoako bizilaguna, beste 34 lagunekin batera. Gaur zen astekoa Batasuna, ANV eta EHAKren aurkako epaiketa, baina Auzitegi Nazionalak bigarrenez ateratu duEspainiako Auzitegi Nazionalak bigarren aldiz atzeratu d...

04/08 auzian epaituko dute Antton Gomez Zestoako bizilaguna, beste 34 lagunekin batera. Gaur zen astekoa Batasuna, ANV eta EHAKren aurkako epaiketa, baina Auzitegi Nazionalak bigarrenez ateratu du

Espainiako Auzitegi Nazionalak bigarren aldiz atzeratu du 04/08 sumarioko epaiketa, Haizea Ziluaga akusatuen abokatuetako batek defentsari uko egin eta auzipetuek abokatu berri bat izan arte epaiketa atzeratzea eskatu ondoren. Antton Gomez (Gasteiz, 1964) auzipetuaren esanetan, «airean» dago orain hasiera data. Honen arabera, lehen lau saioak bertan behera utzi dituzte, eta aldeei beste hiru egunetako epea utzi die helegiteak aurkezteko. Bosgarren aldiz aldatu diete egutegia, eta atzo Madrilera bidean zela jakin zuen atzerapena. Modu horretara ibili beharrak eragiten dion «ahultzea» salatu du Zestoako bizilagunak.

Batasuna, ANV eta EHAKren aurkako epaiketa da 04/08 auziari dagokiona, eta guztira 35 lagun epaituko dituzte. ETAko kide izatea leporatuta, guztiei 10 urteko kartzela zigorra eskatzen die fiskaltzak, eta EAE-ANV alderdia zigorraren bidetik legez kanpo uztea ere eskatzen du. 2008an auziperatu zuen Baltasar Garzon epaileak Gomez, ANVko idazkari nagusia zela.

Nola aurreikusten duzue epaiketa?

Une hauetan, informazio gutxi daukagu. Halako ezinegon batean gaude. Hasiera batean, 40 egunetik gorako ahozko saioak aurreikusten dira, eta auzipetu guztiok derrigorrezkoa dugu saio guztietan egotea. Madrilera joan etorrian ibiliko gara, horrek eragiten duen gastu ekonomiko eta pertsonalarekin. Ahozko saioak ekainera arte aurreikusten ziren orain arte, baina ez dakigu noiz amaituko den. Dagoeneko bost aldiz aldatu digute egutegia, eta ez dakigu zer gertatuko den.

Urtarrilaren 12an zen hastekoa epaiketa, eta Guardia Zibilak zuen abokatuetako batzuk atxilotu zituen egun berean. Atxiloketek zenbaterainoko eragina izan dezake zuen defentsan?

Begi bistakoa da hori eragina izango duela. Ez dakit nolako ondorio juridikoak dituen, baina edozeinek ikus dezake halako egoera batean dauden abokatuek ezin dutela euren lana egiteko osotasunean egon. Garbi dago atxilotuak izan diren abokatuak ez daudela beraien baldintzarik onenean makro-epaiketa konplexu baten defentsa lana egiteko.

Auziaren zer irakurketa egiten duzu?

Zentzugabekeria handia da. Zenbait egunkarietan argitaratu da gurea izango zela azken makro epaiketa, baina epaiketa hasi behar duten egunean, beste makro epaiketa bat eraikitzen dute. Epaiketa berriak etengabe ari dira sortzen.

Azken epaiak, oro har, abosluziozkoak izan dira. Itxaropen izpi bat zabaltzen du zuentzat?

Auzitegi Nazionalaz eta Espainiako auzitegiez hitz egiterakoan, oso zaila da aldez aurretik asmatzea zer gertatuko den. Jarduera politikoa epaitzen dute, eta askotan horren bultzada ere politikoa da, juridikoa baino.

Zazpi urtez auziperatua izateak zenbateraino baldintzatu dizu bizitza?

Zure bizitza guztiz baldintzatuta geratzen da, ez dakizulako noiz hasiko den epaiketa, zer ondorio izango dituen... Ezin duzu epe luzerako planik egin, ez dakizulako hurrengo urtean non egongo zaren.

Espetxe zigorraz gain, ANV bide penaletatik legez kanpo uztea ere eskatzen dute.

ANV bide administratibotik dago legez kanpo jarrita dago, baina orain erakunde terrorista bezala legez kanpo uztea eskatzen dute, penalki. Horrek ondorio asko ekarri ditzake. Esaterako, ANVren ikurrak erabiltzea galaraziko du, ikur historikoa bada ere.

Alderdi historiko batez ari gara hizketan. 1930ean sortuta, Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzan egon zen, eta 1977ra arte jaurlaritzaren kidea izan zen erbestean. Frankismoan 800 hildako inguru izan zituen, haietatik 300 oraindik desagertuta daude. Oso soka luzea duen alderdi bat da: Herri Batasunaren fundatzailea izan zen, eta ezker abertzalea ANVk sortu zuen. Zigorraren bidetik legez kanpo uztea, beraz, ez da bakarrik alderdiaren kontrako eraso bat, herri honen oroimen historikoaren kontrako erasoa baizik. Europako beste herrialde batean ulertu ezinezko gauza bat izango litzateke. Frankismoaren biktimen eskubideez hitz egiterakoan, berriro ez gertatzeko bermeak dira zutabetako bat. Frankismoak utzi zuen ANV legez kanpo, eta gero PSOEren gobernua hasi zen gu legez kanpo uzteko prozedurarekin. Berriro ez gertatzeko berme horiek, alegia, ANV berriro legez kanpo ez uzteko bermeak, urratu egin dira.

Nola ikusten duzu egoera politikoa?

Garbi dago ez dagoela inongo prozesurik, eta ez ezker abertzaleak edo euskal gizarteak ez duelako nahi, baizik eta bestaldean ez dagoelako inor prest normalizazio politikoa bultzatzeko. Salbuespen egoera eguneroko da Euskal Herrian: gaur [herenegun] Iparraldean lau lagun atxilotu dituzte. Ia astero egiten dituzte atxiloketak, eta ez da hilabete bat pasatzen sumario bat irekitzeke. 100 lagun gaude auziperatuta, guztiz zigor politikoak dituzten makro sumarioetan. Soilik jardunbide politikoagatik epaitzen gaituzte. Horri aurre egiteko, gizartean hainbat mekanismo jarri beharko dira martxan, baina beti izango dira intsumisioaren, desobedientziaren eta aldebakartasunaren aldetik. Zoritxarrez, oso zaila da beste modu batera konpontzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide