Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako jatetxe, taberna eta kafetegiek parte hartu dezakete. Udal Elkarteko tenikariek menuak, kartelak eta antzekoak euskarara itzuliko dituzte
Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek taberna, kafetegi eta jatetxeetako kartak eta menuak euskaraz izatea eta bezeroak ere euskaraz eskatzea lortu nahi dute. Horretarako martxan jarri dute Euskara menuan! kanpaina.Egitasmoak bi zati izango ditu; alde batetik, udal elkarteko teknikariak jatetxe eta ostatuekin harremanetan jarriko dira eta menuak, kartelak eta antzeko euskarriak itzultzeko, zuzentzeko eta eguneratzeko laguntza eskainiko diete. Dagoeneko hasi dira bisitak egiten eta ekimena «harrera ona» izaten ari dela uste dute.
Bezeroen artean zozketa
Udal Elkarteak ostalaritza sektorean euskaraz eskatzeko ohitura ere zabaldu nahi du bezeroen arte. Horretarako Euskara menuan! kanpainan parte hartzea erabakitzen duten establezimenduetan euskaraz eskatzen duten bezeroei txarte bana banatuko zaie eta horrekin zozketa batean parte hartu ahal izango dute; txartelean bere datuak bete eta euskaraz eskatu duten platera edo menua idatzi beharko dute, ondoren txartela kaxa batean sartu beharko dira. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan otorduak zozkatuko dira, 60 euroko balioa duten 20 txartel hain zuzen ere.
Ostalaritzan euskara sustatzeko kanpaina eskualde mailan lehen aldiz martxan jarriko badute ere, aurreko urtetan Zarauzko Udalak egin ditu antzeko kanpainak. Zarauzko Udaleko Euskara zinegozti Gari Berasaluzek egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuenez, garrantzitsua da ostalarien artean euskararen garrantziaren inguruko kontzientziazio kanpainak egitea. «Zertarako dugu munduko sukaldaritzarik onena, gero menuan gure altxorrik onena agertzen ez bada. Erakundeok euskararen normalizazioaren inguruan hausnartzen dugunean sortzen den gogoeta bat da hori. Izan ere, konturatu gara askotan eremu pribatura iristen garenean paisaia linguistikoan euskara desagertu egiten dela».