Eskualdeko produktuak eta zerbitzuak bultzatzeko helburuarekin batu dira 10 enpresa egitasmoan, «erreferente» izan daitezen. Euskadi Gastronomika zigilua erabiliko dute
Urola Erdiko hamar enpresak bat egin dute Euskadi Gastronomika egitasmoarekin, eskualdeko produktuak eta zerbitzuak bultzatzeko helburuarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresekin eta jatetxeekin osatutako kluba da Euskadi Gastronomika, eta nazioartean erreferente izatea du helburu. Urola Erdian, jardun desberdinetako enpresek erabaki dute egitasmoarekin bat egitea; hala nola, jatetxeek, gozotegiek, sagardotegiek eta kooperatiba batek. Honakoak dira parte hartu duten enpresen izenak: Azkoitiko Laja eta Joseba jatetxeak, Azpeitiko Kiruri, Mikel Uria, Larrañaga eta Jai Alai jatetxeak, Egaña gozotegia, Añota sagardotegia, Beizama Bizia kooperatiba eta Zestoako Aranburu jatetxea. Urola Gustagarri izan zen lehen urratsa, eta oraingoan Euskadi Gastronomika elkartean sartzeko apustua egin dute.Bailararentzat bultzada
Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpena Azpeitiko Añota sagardotegian, eta Arantza Madariaga Basquetour Euskal Turismoaren Agentziako zuzendariak azaldu zuen beraiek «promozioan» lagunduko dietela parte hartuko duten enpresei, «erreferente» izan daitezen. Hori dela-eta, Euskadi Gastronomika-ren zigilua erabiliko dute hemendik aurrera enpresa horiek, «desberdintasuna» agerikoa izan dadin. «Denen lana da Euskadi erreferente izatea alor gastronomikoan, baina eskualdeka antolatutako elkartea da hau», adierazi zuen. Haren arabera, «lan asko» dago egiteko, baina denen artean egin daiteke. Beizama Bizirik kooperatibako ordezkariek, berriz, elkartera sartu diren enpresen izenean hitz egin zuten, eta esan zuten «pozez» sartu direla egitasmoan. «Bertako produktuei eta bertako baserritarrei laguntzeko aukera ere badugu», azaldu zuten.
Eneko Etxeberria Iraurgi Berritzen-eko lehendakariak gogoratu zuen ekonomikoki egoera «gogorra» pairatzen ari dela bailara, eta azaldu zuen orain artean industria izan dela Urola Erdiko heldulekua, baina «pausoz pauso» turismoari garrantzia ematen ari direla.