Bost aste barru Azkue SLren ekoizpena kalean izatea espero dute

Nerea Uranga 2015eko urtarrilaren 24a

Azpeitiko Azcue y Cia SA altzari enpresaren auziko epaileak enpresa bi milioitan saltzeko baimena eman du, eta hori erosteko eskaintza konkurtsoan dagoen enpresako langile ohiek osatutako Langileen Sozietate batek egin du, Azkue SL berria martxan jartzeko. Auto hau ez dela behin betikoa esan du SL berriaren lehendakaria den Xabier Oleagak, baina bai erabakiorra, konkurtsoan dagoen enpresako ondasunak bertako langile izandakoez osatutako SLaren eskuetara igarotzeko. Dagoeneko enpresako ekoizpena martxan jartzeko antolaketa lanean hasita daude langile bazkideak, eta makina berriak ere erosi dituzte. Bost aste barru enpresa berriaren ekoizpena kalean izatea espero dute. Enpresa berriko bazkide izango diren Azcue y Ciako langile ohiek, hauen senitartekoek eta zuzendaritza batzordekoek agerraldia egin dute gaur goizean lantegian bertan. Agerraldian izan dira Oleagaz gainera, Antonio Ceballos eta Faustino García-Moncó enpresa berriko kontseilari ordezkariak, Eduardo Etxarte konkurtsoan dagoen enpresako langile ohia eta berriko Administrazio Kontseiluko kidea eta Anabel Yoldi ASLEren (Euskadiko Langile Sozietateen Elkartea) ordezkaria. Azkue lantegiko jarduna berriro abiarazteko egitasmoak bai Azpeitian eta bai Urola bailaran "ikusmin sozial handia" sortu duela esan dute enpresa berriko kideek. Auziaren ibilbide judiziala bukatzeko oraindik urrats batzuk emateko daudela azaldu du Oleagak: "Epailearen erabakiari alegazioak edo errekurtsoak aurkezteko bost eguneko epea dago. Gero, epaileak horren gainean erabaki beharko du, eta ondoren baimena emango du enpresa saltzeko. Segidan, hilabeteko epea edukiko dugu enpresa erosteko". Otsailaren erdi alderako dena gauzatuta egotea espero dute. Bi milioitan erosiko dute langile ohiek enpresa, eta behin salmenta gauzatutakoan hilabeteko epea izango dute ordaintzeko: "Erdia Langileen Sozietateko langile bazkideen ekarpenekin ordainduko du, eta beste erdia finantza entitateen bidez ordainduko dugu. Dagoeneko, finantzazio plana lantzen ari gara, eta laster hitzartuko dugu". Enpresa berriaren aktibitatearen oinarria pertsonak Enpresa egitasmo berriaren "sendotasuna" nabarmendu du ASLEren ordezkariak, eta bere aldeko apustu irmoa egingo dutela esan du: "Langile Sozietate ereduarentzako oso garrantzitsua baita Azkue bezalako proiektua".  Proiektu berri honetan, aktibitatearen oinarria pertsonak izango direla azpimarratu du Yoldik, "modu desberdin bat da negozio edo enpresa bat berriro abiarazteko, eta nahiz eta bidean oztopo asko izan, hoiek gainditu daitezkeenaren erakusgarri da". Enpresaren bide berria Bide judiziala eta erosketa gauzatu ostean, Azkue SL berria 22.000 metro karratuko lantegiaren eta bertan dagoen makinen jabe egingo da. Kalitate handiko parketa ekoizten hasiko dira, baina egurraren arloko ekoizpen integrala egitera iritsi nahi dute aurrerantzean: "Dagoeneko parketaren eskariak baditugu, eta ondoren goi mailako kalitateko altzarigintzari ekin nahi diogu. Era horretan, oholaren alorreko eskaintza integrala osatu arte". 30 langilerekin hasiko dute bidea, baina aurtengo urtean 50 lanpostu sortzera iristea dute asmoa, "2016an 100 langile izateko aurreikuspenarekin". Lantegi berrirako Azcue y Cia enpresako langile ohiekin lan poltsa bat osatu zuten, eta 74k eman zuten izena. Orain, enpresa berrirako hoiek lehentasuna izango dute, "nahiz eta behar den langile perfilaren arabera berri batzuk ere sartu daitezkeen", esan du Etxartek. Denboran atzera egin du Etxartek, "2008an, enpresak langileokin zor bat zuen, eta zor hori kapitalizatu egin behar zela ikusi genuen. Orduan, Azkueko Langileak sortu genuen. Gero, ordea, 2012an enpresa itxi egin zen". Ordutik, egoera zail eta oztopo asko gainditu behar izan dituzte, "langileok asko sufritu dugu". Hasieran, lau langile ohiek (Etxarte bera, Antonio Altuna, Jose Ignacio Azpiazu eta Miguel Etxaniz) talde bat sortu zuten, eta Konkurtso Administrazioarekin enpresa barruan lanean pertsona bat aritzea adostu zuten. Ordutik, enpresa berriro abiarazteko aukera desberdinak landu dituzte, eta azkenean Langile Sozietate bat abiatzea erabaki dute. "Bide hori hartzeko mahaiaren lau hankak osatzeko lagun izan ditugu Luis Azkue, Xabier Oleaga, Antonio Ceballos eta Faustino García-Moncó, besteak beste". Horiez gain, Azpeitiko Udaleko ateak "beti zabalik" izan dituztela nabarmendu du Etxartek, eta ASLEren, sindikatuen eta alderdi politiko askoren laguntza izan dutela esan du. Bide berri bat hasita dutela, baina orain zailena dute aurrean Etxarteren ustez: "Dena martxan jartzea. Hau dena aurrera eramateko asko sufritu beharko dugu". Eskaintza oso bat egiteko apustua egingo dute Ceballosen esanetan. Ceballos Azkuera Kantabriako egurraren industria arlotik etorri da: "Altzarigintzan kalitatearen kultura Azkuen beste inon ez bezala sustraituta egon da, eta horrek bultzatu gaitu proiektu berri honen alde egitera". 1933. urtean sortu zen Azpeitian Azcue y Cia altzairu enpresa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide