Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar arratsaldean hamaika hardcore musika talde bilduko dira Zarauzko Putzuzulo gaztetxean Defenestre Fest musika jaialdiaren barruan. Duela bost urte sortu zuten jaialdia Amurrioko La Cuadra etxe okupatuan. «Etxe okupatua jaialdiaren egunean bertan desalojatu zuten, eta ordutik Zarautzen egiten da», azaldu du Izotz Barrio antolatzaileak. Jaialdiaren helburua hardcore musika zabaltzea da. Izan ere, Barrioren esanetan, eskualdean eta inguruan badago hardcore musikarekiko zaletasuna.
Bihar 18:00ak inguruan emango diote hasiera Defenestre Fest Jaialdiari. Bi taula muntatuko dituzte eta txandaka joko dute gonbidatutako musika taldeek: Siega, Hongo, Human Bastard, A tumba abierta, Los defenestrados, Ras, Usura, Zanussi, Octopussy eta Dj Amoniako. «Aurten esaterako hamaika talde taularatuko dira eta denek eskenatoki batean joko balute asko luzatuko litzateke jaialdia. Horregatik, gaztetxeko kontzertu aretoa luzea dela aprobetxatuta bi eskenatoki prestatuko ditugu hitzordurako».
Sarrerak salgai jarriko dituzte 10 eurotan bihar bertan gaztetxeko atarian.
Ongintzazko jaialdia
Urtez urte Defenestre Fest jaialdiak izena hartu du musika estilo hori atsegin dutenen artean eta aurten ere ez du hutsik egingo. Aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako musika taldeek parte hartuko dute jaialdian. «Urtero musika talde desberdinak ekartzen saiatzen gara, herritarrek talde gehiago ezagutzeko aukera izan dezaten». Ongintzazko festibala da, hau da bertatik lortzen duten dirua talderen edo elkarteren bati laguntzeko erabiltzen dute. «Iaz Putzuzulo Gaztetxeko obrak ordaintzeko erabili zen irabazia eta aurtengoan animalien askapenaren aldeko talde batentzat izango da dirua». Hori dela-eta bertan parte hartzen duten musika taldeek muxu-truk joko dute jaialdian.
Aurtengo musika taldeei dagokionean, antolatzaileek azpimarratu dute parte hartuko duten guztiak «primerakoak» direla. Dena dela, bateren bat azpimarratzekotan Valentziako Zanussi aipatu dute. «Aspaldiko taldea da, baina duela gutxi berriz abiatu zuten beren ibilbidea. Balentziatik oso gutxi atera dira eta guretzat aukera paregabea da bihar Zarautzen izatea» dio Izotz Barriok. Horretaz gain, Euskal Herriko taldeak ere izango dira: Bilboko Octopussy, Aiara balairako Haginak eta Tolosako Ras taldea.