Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitian, lehenengo aldiz, herri galdeketa bat egingo dute igandean, eta hain zuzen, azken urteetan herrian zeresanik handiena eman duen gaiaz eman ahalko dute botoa herritarrek: Egokia ikusten al duzu hondakinak biltzeko udalak martxan jarri duen sistema mistoa? Hori da Azkoitiko Udalak, Hondakinen Mahaian adostuta, prestatu duen galdera. Herritarrek, beraz, Bai edo Ez erantzun beharko dute.
Gaur amaitzen da kontsultari dagokion kanpaina, eta herritarrek, eragileek eta alderdiek bi aste izan dituzte euren botoa defendatzeko. Igandean, 09:00etan zabalduko dituzte hauteslekuak, eta herritarrek 20:00etara bitartean izango dute botoa emateko denbora. Horretarako, lau mahai jarriko dituzte herrian: Torre Zuri erakustokian, Gaztanenea Musika Eskolaren orain arteko eraikinean, Aizkibel liburutegian eta Xabier Munibe Ikastolan mahai bana izango da, eta bozkatu nahi duenak normalean egokitzen zaion lekura joan beharko du. Han izango dituzte boto paperak, baina aurrez prestatu nahi dutenek udaletxean dituzte boto papera eta gutun-azala.
Sistema mistoa jarri eta urte erdira egingo dute horri buruzko galdeketa, eta hemezortzi urtetik gorakoek eta iazko azaroaren 27an edo lehenagotik Azkoitian erroldatuta daudenek parte hartu ahal izango dute herri galdeketan. Horretarako NAN-a, Pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztu beharko dute.
Guztira, 9.258 lagun daude deituta galdeketara, baina horietako 150 herritar inguruk bozkatu dute dagoeneko, Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez.
Izan ere, aurreko astean, ostegunean eta ostiralean, aurrez bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek, udaletxean. Azkoitian egingo den lehen herri galdeketa izanik, kontsulta loteslea izateko ez dute gutxiengo baldintzarik jarri. Udalak esan du herritarren iritzia jakin nahi duela, eta bere egingo dituela emaitzak. Gero, Hondakinen Mahaian aztertuko dituzte horiek, «hartu beharreko erabakiak» hartu ditzaten. Era berean, udalak behin baino gehiagotan esan du prozesuak «seriotasun, gardentasun eta legezko berme guztiak» izango dituela.