Urtarrilaren 31ra bitartean izena eman daiteke Azpeitiko Jabetze Eskolan

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 23a

Ikastaroak, tailerrak, ekitaldiak eta mahai-inguruak antolatu dituzte, besteak beste, Emakumeen Txokoak eta Jabetze Eskolak, Azpeitiko Emakumeen Mahaiaren eta udalaren laguntzarekin, datozen hilabeteetarako. Hil honen amaieran hasiko dira, eta ekainera arteko eskaintza zabaldu dute. Urtarrila eta martxoa bitartean, doako ekintzak antolatu dituzte, gai ororen inguruan; eta ikastaroak, berriz, otsailean hasiko dira. Hauek dira Emakumeen Txokoak prestatu dituen ekintzak: Emakumeak plazan dokumentalaren emanaldia; feminismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko lotura aztertzeko mahai-ingurua, Lorea Agirre Dorronsororen, Ainhoa Beola Elgoibarren eta Idurre Eskisabel Larrañagaren parte-hartzearekin; irrintzi tailerra; eta emakume palestinarren inguruko erakusketa. Ekitaldiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, 943-15 70 55 telefono zenbakira deitu daiteke, edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezua bidali. Bestalde, emakumeentzako Jabetze Eskoletan parte hartzeko, beharrezkoa da urtarrilaren 31rako haietan izena ematea. Dagoeneko zabalik dago epea, eta beraz, interesa dutenek udaletxeko Parekidetasun Saileko bulegora joan beharko dute, hirugarren solairura. Bestela, honako bideak daude haiekin harremanetan jartzeko: 943-15 70 55 telefono zenbakira deituta edo parekidetasuna@azpeitia.eus helbidera mezua bidalita. Horiez gain, arratsaldeetan eta larunbat goizetan, Emakumeen Txokotik ere bidera daitezke izapideak. Ikastaro berriak Lau ikastaro antolatu dituzte otsailean hasi eta ekaina bitartera: sabel dantza; mikromatxismoak identifikatzeko eta indargabetzeko estrategiei buruzko tailerrak; herrigintza feminismotik bideratzeko ikastaroa; eta autodefentsa feministarako tailerrra. Emakume Txokoko ordezkariek azaldu dute bi berritasun txertatu dituztela aurtengo egutegian: mikromatxismoei buruzko tailerra, eta «herrigintza feminismotik» deritzona. Antolatzaileen iritziz, ineteresgarriak dira bi gaiak, baita irakasleak ere. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute aurretik hala eskatzen dutenentzat, haurtzaindegi zerbitzua jarriko dutela, tailerretan eta ikastaroetan parte hartu nahi duten andreentzat. Emakumeen Txokoa Azpeitiko andre guztientzat irekitako «kontsulta gunea» eta «partaidetza lekua» ere bada. Hori dela-eta, gogorarazi dute emakume guztiei zabalik dagoen tokia dela. Azpeitiko Jabetze Eskolako eskaintza - Urtarrilak 28, asteazkena. Emakumeak plazan dokumentalaren emanaldia, 19:00etan. - Otsailak 26, osteguna. Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? mahai-ingurua, 19:00etan. - Martxoak 7, larunbata. Irrintzi tailerra, Amaia Garcia Uriondorekin, 11:30etik 13:30era. - Apirilak 13-30. Emakume palestinarren inguruko erakusketa, Betharramen. Ikastaro eta tailerrak: - Otsailak 5-maiatzak 10. Sabel dantza ikastaroa, ostegunetan. Irakaslea: Mirari Amenabar. - Apirilak 30-ekainak 3. Mikromatxismoak identifikatu eta indargabetzeko estrategiak, asteazkenetan. Pepa Bojorekin. - Otsailak 20, 27 eta 28. Herrigintza feminismotik. Joxemi Zumalabe fundazioak gidatuta. - Martxoak 17-apirilak 28. Autodefentsa feminista, astearteetan, Emagin elkartearekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide