[caption id="attachment_123889" align="aligncenter" width="300"]

Aser Lertxundi zinegotzia, 'zuzarautz.info' eraberritua azaltzen. Amaia Ventas[/caption]
Bi urte pasatu dira Zarauzko Udalak zuzarautz.info webgunea zabaldu zuenetik. Gaur bertan aurkeztu du Aser Lertxundi zinegotziak diseinu eraberritua. Oraingo bertsioa "irakurterrazagoa" dela nabarmendu du, mezua "azkarrago" heltzen dela erabiltzailearengana, "zuzenago eta garbiago". .eus domeinua jartzeko prozesua ere martxan dute. "Apur bat" atzeratu den arren, datozen egunetan izango da martxan.
Webgune berrituaren ezaugarriei dagokionez, Lertxundik azaldu du eskema bera mantendu dutela, baina estetikan hainbat aldaketa egin dutela. Hain zuzen, atalen izenburuen formatua sinpletu egin da, eta baita albisteen izenburuak ere. Lehen orrian albiste nagusiak biltzen dituen slider berria jarri dute, lehengoa baino handiagoa eta garbiagoa, gora eta behera mugitzeko albo-barrarik gabe. Saioa hasteko kutxaren diseinua ere sinpletu dute.
Aldaketoi esker,
zuzarautz.info-k "erreferentzialtasuna" mantentzea nahi du udalak. Bi urteko ibilbide horretan 200.000 bisita jaso ditu, eta kopuru hori "garrantzitsua" dela adierazi du zinegotziak: "Jendeak web orrira jotzen du Zarautzen berri izateko". Lertxundik jakinarazi du azken bi urteotan 23.608 erabiltzaile bakar—erabiltzaile hori behin baino gehiagotan sartu bada webgunera, bakarra bezala kontatu dute— sartu direla gunera. Zarautzen oinarritutako webgunea izanda, kopuru hori ere "garrantzitsua" dela adierazi du. Zarautzek egun 22.890 biztanle ditu.
Erreferente izatea heldu den arren,
zuzarautz.info-k ez du lortu hasieran finkatutako beste helburua: erabiltzaileek bere egitea webgunea.
Zuzarautz.info-n alta eman eta parte hartzea, alegia. "Herritarrek webgunea erabiltzea nahi dugu euren berriak emateko. Zuzarautz.info herritarrentzat tresna ere badelako, ez udalarena soilik". Zentzu horretan, "herriko plaza" izatea nahi dute.