[caption id="attachment_123349" align="aligncenter" width="300"]

Gure Esku Dago taldeko ordezkariak omendu zituzten astelehenean. (Eneritz Albizu Lizaso)[/caption]
Azpeitiko Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak eskerrak eman dizkie San Sebastian bezperako danborradan beraien kanta jo zuten taldeei, gidari lanetan jardun ziren zuzendariei eta kioskoan abestia interpretatu zein abestu zutenei. Taldearen arabera, "oilo ipurdia" eragin zioten abestiak herritar askori, eta "emozioz betetako" momentuak bizi zituen herriak. Abestia prestatzen eta jotzen jardun zirenak ez ezik, taldeak festa batzordea eta udalean ordezkatutako talde politiko guztiak aipatu ditu, haiek ere lagundu dutelako bide horretan. Hala ere, "bereziki" eskerrak eman nahi izan dizkiote Unai Frantzesena Udal Musika Bandako zuzendariari, "egin duen ahaleginagatik".
"Erabakitzeko eskubidea norbanako nahiz kolektiboek geurea beharko genukeen eskubidea da. Eta modu batean edo bestean, gutako bakoitzarena eta gu denona den eskubidea aldarrikatzea ezinbestekoa da; festa giroan izan, eguneroko jardunean izan", azaldu Gure Esku Dagok. Astelehenean, jai giroan aldarrikatu zuten eskubide hori azpeitiarrek.