Suhiltzaileak lanean aritu ziren atzo goizean ere(Ane Olaizola)[/caption] Atzoko (asteartea) Azkoitiko Aizkibel kaleko bigarren zenbakian izan zen suteak eragindako kalteak aztertzen ari dira teknikariak, eta hango bizilagunak euren etxebizitzen egoeraren berri izaten ari dira pixkanaka. Gaur arratsaldean, etxebizitzetara sartzeko aukera izan dute bizilagunek, suhiltzaileen eta udal arkitektoaren laguntzarekin, behar-beharrezko gauzak hartu zitzaten. Alboko eraikinetakoak, berriz, segurtasun aldetik euren etxebizitzetara itzuli daitezke dagoeneko, baina etxe batzuk urak hartuta daude, eta beraz, konpondu arte zain egon beharko dute horiek. Bien bitartean, Azkoitiko Udala urgentziazko neurriak aztertzen, bizilagunei behar duten laguntza ematen eta bitartekaritza lanetan ari da. Aizkibel kaleko bigarren zenbakian, laugarren solairuko eskuinaldean piztu zen sua atzo arratsaldean. Kea arnastuta, zakur bat hil zen, eta gizonezko bat Zumarragako ospitalera eraman zuten. Udalak jakinarazi duenez, gizonezkoari gaur eman diote alta. Kalte materialei dagokienez, berriz, oraindik zenbatzeko daude. Bigarren zenbakiko eraikineko teilatua behera erori zen, eta hainbat biga eta horma hondatuta daude. Oraindik jakiteko dago suak eraikinaren egiturari eragin al dion, eta beraz, kalteak baloratzeko segurtasun neurriak aztertzen ari dira egun. Izan ere, udalak adierazi du erortzeko arriskua dagoela, eta beraz, azterketa teknikoa eta balorazioa egingo dute lehendabizi, eta behin neurriak hartuta, kalteak zehatzago zenbatu ahalko ditzaten. Aizkibel lau zenbakikoek ez dute kalterik izan, baina Iriarte Margolarikoen teilatu zati bat hondatu egin da, eta beraz, estali egingo du orain udalak. Era berean, eraikin horretako hainbat etxebizitzatan urak hainbat kalte eragin ditu. Dena den, bi zenbaki horietako bizilagunak itzul daitezke euren etxeetara, arriskurik ez dagoelako. Etxera sartzeko aukera Sutea izan zenetik, bi aldiz elkartu dira udal ordezkariak eta kaltetuak, besteak beste ostatua behar dutenei lagundu eta dituzten beharrak jasotzeko. Gainera, aseguru etxeekin egin beharreko tramiteetarako, bitartekaritza lanak egingo ditu udalak. Honen arabera, egindako bileretan «jarrera lasaia» erakutsi dute bizilagunek, eta batez ere izan ditzaketen kalteak kezkatzen dituzte. Hamalau lagun bizi dira sutea piztu zen bigarren zenbakian, eta horietako bat da Gorka Besga. Hirugarren solairuan bizi da, eta bere solairua kaltetuenetako bat izan da. Gaur arratsaldean, une batez etxera sartzeko aukera izan du suhiltzaileen laguntzarekin, eta orduan ikusi du zer egoeratan dagoen: «Bost-hamar minututan izan naiz, eta guztia bustita dago. Tarte horretan, ahal dudan guztia hartu dut», esan dio Urola Kostako Hitza-ri etxean izan berritan. Hainbat pareta pitzatuta ditu, baina argi indarrik gabe, kalteak behar bezala ezin izan ditu ikusi. Oraingoz gurasoen etxean da, baina konponketak «luze» joango direla-eta, ziurgabetasun egoeran etorkizunak kezkatzen du gehien: «Ez dakigu hau guztia zertan geratuko den, eta horrek arduratzen nau. Ez dakite eraikina bota beharko den edo ez, ez delako eraikin osoa erre. Berriro ostatu hartzeko zer aukera emango diguten ere jakiteko dago». Herritarren elkartasuna Atzo, 17:15ak aldera piztu zen sua, eta eraikinaren egitura egurrezkoa izanik, berehala zabaldu zen ondoko etxebizitzetara. «Jendea ikusi dugu gure etxe aldera begira, eta balkoira irten eta izugarrizko usaina antzeman dugu. Segituan, txirrina jotzen hasi dira, su handia zegoela eta etxetik irteteko», zioen Valentin Aranbarrik, sutea izan eta ordu batzuetara. Bere gurasoak laugarren zenbakian bizi ditu, Arantzazu Larrañaga bezala. Hura ere etxean zen sutea hasi zenean, eta suhiltzaileei begira, lasaiago zegoen sua kontrolatuta zutenean. Iluntzerako itzalduta bazuten ere, 01:00ak arte egon ziren suhiltzaileak ura botatzen, eta gaur goizean ere eraikinak ikuskatzen aritu dira. Sutearen ondorioz, bigarren zenbakiko bizilagunak ez ezik, Aizkibel lau zenbakiko eta Iriarte Margolaria hiru zenbakikoak ere hustu behar izan zituzten. Guztira, 29 laguni eragin zien suak, eta horiek etxetik kanpo igaro behar izan zuten gaua. Udalak, ostatua, arropa eta janaria eskaini zien kaltetuei, eta oraingoz gehienek senideen edo lagunen etxeetara jo badute ere, berriro ostatua emateko hainbat bide aztertzen ari da orain udala. Esaterako, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da, honek herrian izan ditzakeen alokairu sozialeko etxebizitzak bideratu ditzaten, eta udalak esan duenez, Jaurlaritza prest agertu da. Era berean, Azkoitiko etxebizitza hutsak kaltetuei uztea eta zaborraren, uraren eta egin beharreko obren gaineko tasetan hobariak ematea aztertzen ari da udala. Hainbat herritarrek, berriz, bi etxebizitza eskaini dituzte haientzat, eta zentzu horretan, Caritas-ek emandako laguntza eta herritarren elkartasuna eskertu du udalak.