Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Udalak Lurbide proiektua jarri du martxan, lehenengo sektorea bultzatu, gazteak nekazaritzara erakarri eta lanpostu «egonkorrak eta iraunkorrak» sortzeko asmoz. Proiektuaren bidez, herriko lursail publiko eta pribatu batzuk nekazaritza ekologikoan jardun nahi dutenen esku jarriko dituzte, nekazariek lurra landu eta produktuak merkaturatu ditzatzen. Lurbide egitasmoaren berri emateko, gaur aurkezpen publikoa egingo dute.
Proiektua gauzatu baino lehen, udalak hainbat lan egingo ditu. Pedro Alberdi dinamizatzaileak azaldu duenez, egitasmoa aurrera eramateko herriko landa lurren inbentarioa egingo dute lehendabizi. Hau da, nekazaritzarako egokiak izan daitezkeen lurrak identifikatuko dituzte, gutxieneko baldintza batzuk — aldapa gutxi edukitzea edo eguzkitsua izatea— betetzen dituen jakiteko. Udala jakitun da lur gehienak pribatuak direla, eta erabilerarik ez duten sailak aukeratuko dituzte: «Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen diren lursailek, behintzat, jarduera bat dute, baina badaude beste eremu batzuk erabiltzen ez direnak edo probetxu gutxi dutenak, eta horietara joko dugu. Haiek detektatu eta lur-jabeekin hitz egingo dugu», esan du Alberdik. Egitasmoan parte hartzeko prest dauden lur-jabeei «epe ertain edo luzera» alokatuko zaizkie lurrak, eta interesatuta dauden nekazariei eskainiko zaizkie gero.
Udalak lursaila bermatuko dio nekazariari. Hau da, bera arduratuko da lursaila aurkitzeaz, eta baratzeak jartzeko beharrezko prestakuntzak eta instalazioak ere berak jarriko ditu. Alokairua ere udalak ordainduko du, eta lursaila jasotzen duenak, trukean, tasa bat ordainduko du. Dena den, oraindik tasak eta alokairu epeak zehazteke dituzte, baina teknikariak azaldu du nekazariak gutxienez bost urtetan izango duela saila: «Antzeko proiektuetan bost urtetik gorako alokairuak izaten dira. Ikusi da, ordea, urte gutxi direla horiek, nekazaritzan ikasi eta hasteko denbora hori behar baituzu».
Baldintza guztiak lur-jabeekin joango dira zehazten, eta udala arduratuko da bitartekaritza lanetaz: «Hasiera batean, lur-jabearen eta nekazariaren artean ez da zuzeneko harremanik izango. Udalak egingo du tratua lur-jabearekin». Ziklo osoan eragingo du udalak; hau da, produktuak ekoitzitakoan, merkaturatzen ere lagunduko die nekazariei, eta dituen baliabideak erabiliko ditu. «Herrian saldu dezaten lagunduko du; hala nola, kontsumo talde bat sortu dezake, edo udalaren azpiegituretan edo ikastetxeetako jangeletan saldu ditzakete».
Lekuko aldaketa, beharrezkoa
Udalak 2009an Berpiztu proiektua hasi zuenean herriko landa auzoetako egoeraren diagnostikoa egin zuen, eta handik jakin zen «oso jende gutxi» bizi dela baserritik. Alberdiren arabera, Azkoitian hogei baserri inguru dira horiek, eta batez besteko adina goraka doa. «Kontuan hartu behar da, gainera, baserriak izan direla daukagun paisaia txukun mantendu dituztenak». Hori hala, premiazkotzat jotzen dute nekazaritzan lekuko aldaketa egitea, eta hori bultzatu nahi dute. Gazteengana zuzendu nahi dute, eta oraindik irizpideak adostu gabe badituzte ere, Alberdik aurreratu du hori izango dela lurra eskuratzeko baldintzetako bat. «Azkoitiarra izatea, gutxieneko formazio bat edukitzea eta emakumea izatea ere kontuan hartuko da», gaineratu du.
Proiektuarekin martxan dira dagoeneko, eta adierazi dutenez, badakite hainbat lagun proiektuan parte hartzeko interesatuta daudela. Oraingoz, lehenengo hartuemanak egiten ari dira lur- jabeekin eta interesatuekin, eta gauzak ondo, uda inguruan martxan jartzea aurreikusten dute. Gaur, egitasmoaren berri emango dute, 19:00etan Elkarguneko lehenengo solairuan (Intxausti Plaza izeneko aretoan) egingo duten bileran, eta ondoren bertako produktuekin prestatutako mokadutxoak izango dira. Batez ere lur-jabeak eta nekazaritzan hasi nahi dutenak elkartu nahi dituzte, baina baita nekazaritza ekologikoarekin eta elikadura burujabetzarekin arduratuta daudenak ere. «Prozesu parte-hartzailea nahi dugu, talde eragile bat sortu eta dinamizatzailearekin batera proiektua bultzatu dezaten, auzo alkateekin eta lur-jabeekin hitz egin eta lurrak identifikatzen lagundu dezaten». Horregatik, interesa duten guztiak animatu dituzte taldean parte hartzera.