Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baleike.eus berria aurkeztuko dute gaur arratsaldean. Aurkezpena 19:00etan egingo dute, Oxford aretoan. Webgune berriak izango dituen berrikuntzen artean, herriko elkarte, talde eta norbanakoentzat sortutako Komunitatea tresna azpimarratu dute Baleike Kultur Elkarteko kideek, «zumaiarrentzat sortutako sare soziala».
Matrikula aldatzeaz gain (puntucom-etik puntueus-era), hainbat berrikuntza ditu Baleikeren webgune berriak, baina Komunitatea da gehien indartu nahi duten atal berria. Horrela azaldu dute: «Zerbait komunikatzeko duen edonork perfila sortu eta edukiak argitaratzeko aukera izango du Baleike.eus-en; gainera, norberak izan ditzakeen beste webgune, blog edo beste sare sozialetako kontuekin lotu daiteke, edukiak batean eta bestean argitaratzeko. Komunitateko kideak sortzen duen edukia gordetzen dira bere perfilean, mikroblog moduko bat osatuz. Elkarte eta taldeentzat oso tresna eraginkorra da beraien albiste edo deialdien berri emateko, baina baita Interneteko plaza publikoan zerbait esan (komentario motzak, iradokizunak, albisteak, deialdiak…) edo erakutsi (argazkiak, bideoak…) nahi duten herritarrentzat» ere.
Gainera, Tokikomek toki hedabideentzat sortutako plataforma digitaleko kide izango da Baleike.eus. «Horrek gaitasun handiagoa emango digu etengabe berritzeko, beti puntako webgunea edukitzeko», azaldu du Baleike-ko zuzendari Gorka Zabaletak.