Iganderako irteera antolatu du Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteak

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 20a

Oraingoan Txindoki ondora joango dira Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkartekoak, hain zuzen, Ausa Gaztelura (899 metro). Elkartetik jakinarazi dute "jende gutxi" ibiltzen den mendia dela, eta tontor horretatik Txindokiren arista osoa ikus daitekeela. Zaldibitik (164 metro) abiatuko dira eta Olaskosaroira iritsi. Belarditik jarraitu, tontor azpira heldu eta malda igoko dute, tontorrera iritsi arte. Bertan, Erdi Aroko gotorleku baten hondarrak ikusiko dituzte mendizaleek. Basotik doan pista batetik jaitsiko dira gerora, ibilaldia Larraitzen amaituz. 12,3 kilometroko bidea izango da guztira, "zailtasun berezirik" gabea. Lau ordutan egingo dutela aurreikusi dute. Interesa dutenek, ohi bezala, Mendizabal kinkiladendan eman ahalko dute izena, ostirala baino lehen. Igandean Agoueseneko biribilgune inguruan elkartuko dira, 08:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide