Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aspaldiko partez, eguraldi onak lagundu dio Azpeitiko danborradari. Izan ere, une gutxi batzuetan soilik egin du euria San Sebastian bezperako helduen danborradan. 26 talde abiatu dira Olazko Andre Maria plaza ingurutik, eta Alde Zaharra zeharkatu dute, Soreasuko Sebastianen parrokian geldialdia eginda. Ondoren, inongo arazorik gabe, talde guztiak plazara joan dira, 23:50 ingururako.
Urtero bezala, San Sebastianen martxarekin igo dute bandera aurtengoan ere. Haren ostean, Soreasuko Sebastian abestia jo dute. Azken abestia izan da aurtengo berritasun nagusia: Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko taldearen abestia jo dute Azpeitiko danborjoleek, zenbait abeslariren laguntzarekin. Nagore Illarramendik, Jon Gurrutxagak, Jone Urrestillak, Maite Garmendiak eta Joxe Mari Arregik lagundu diete danbor taldeei, Azpeitiko Udal Musika Bandarekin batera, abestia apaintzen.
Bestalde, beteranoak eta berritzaileak omendu dituzte gaur Azpeitian. Batetik, Gure Esku Dagoko kideak: Lourdes Isart Azpeitiko taldeko ordezkaria eta Karmele Olabarrieta mugimendu horretako idazkaria. Haiez gain, herriko "betikoei" aitortu diete beraien lana, Landeta-Egizale eta Gure Ametsa taldeak omendu dituzte, beraien 50. urteurrenagatik; baita Manuel Altuna Kanpaxa ere, zuzendari moduan egin duen mende erdiagatik.