Errekan gora mugimendua aurkeztu dute Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 19a

IMG_20150117_130759

"Abian da Errekan Gora. Abian gara errekan gora". Larunbatean aurkeztu zuten Zarautzi espazio soziokultural finko bat eskaintzeko asmoa duen proiektua. Abenduan Zarauzko eragile eta norbanako ugari elkartu ziren Putzuzulo gaztetxean herrian eraikin soziokultural autogestionatu baten beharraz hitz egiteko, eta bertan sortu zuten mugimendua, "bizi eta indartsu" sortu ere."Geldi dagoen herriari goroldioa ateratzen zaiolako, bizi eta bizigarri. Korrontean behera arrain hilak joaten direlako. Bakartuta, lokartuta, lelotuta eta geldi nahi gaituen korronteari aurre eginez bagoaz, errekan gora bide berriak urratuz", dio manifestuak.

Herriko eragileak eta norbanakoak elkartu eta "sortu, aldatu, bizi, hezi, hazi eta elkarbanatzeko leku bat" zehazteko unea da horren arabera."Orain da momentua, herri hau aldatuko duen habia egitera goaz. Gure arteko hariak estutuz, talde eta norbanako eragileak elkartuz ehundu dezagun sare trinko bat behar dugun espazioa lortzeko". Herritarrak  "busti" eta herria "zipristintzeko" deia egin dute, "etorkizuna kolore guztietako oihalak josiz harilkatzeko": "Guztiontzako leku bat izateko sortu dezagun denon artean geure egingo dugun espazio bat. Beste behin ere mugimendua sortuz ametsak gauzatzera goaz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide