Langileen ordezkariak, sinadurak aurkeztu baino lehen
(Hitza)[/caption]
Zestoako TS Fundiciones enpresako langile ohiek 4.000 sinadura lortu dituzte eskualdean egin duten kanpainan, lantegia berriro ireki eta lanpostuak bermatu daitezen eta plan industriala gauzatu dadin, eta «ez soilik diruz oinarritzen den proiektu baten bidez». Eskuratutako sinadurak aurkeztu dituzte Donostiako Lan Arloko auzitegian, eta euren asmoa zuzenean epaileari ematea bazen ere, azkenean ezin izan zuten egin: «Dena den, epailearengana iristeko moduan utzi ditugu sinadurak», esan du Asier Lizaso LABeko ordezkariak. Lortu duten «babesa» dela eta, eskerrak eman dizkiete herritarrei. «TSko langileok eta Urola Kostako biztanleok hitz egin dugu: utzi dituak eta eman behar duen garrantzia lanpostu eta proiektu sendo bati!», adierazi dute langileek.
Bien bitartean, hartzekodunen lehiaketako bigarren faseak aurrera jarraitzen du TS Fundiciones enpresak. Ostegunean ireki zituzten enpresa erosteko aurkeztu diren hiru proiekturen gutun azalak, eta orain, konkurtso administratzaileak txostena egingo du. Gero, administratzaileak epaileari helaraziko du, eta honek azken erabakia hartuko du datozen egunetan. «Bere esku dago, guk behin eta berriro aldarrikatu izan dugun bezala, diruaren gainetik proiektu industriala eta lanpostuen bermatzea, edogure herrian bizi dugun egoera sozialari muzin egin eta gutxi batzuen aurrean ondo gelditzeko lanpostu edota proiektu sendo bat zakarretara botatzea».
Gonvarri Renewable Industries, Euskapital Partners eta Eisengiesserei Torgelow alemaniarra dira enpresa erostera aurkeztu direnak. Bigarren aldiz aurkeztu da Gonvarri lehiaketara, lehenengo fasean epaileak berea eta beste proiektua baztertu ondoren. «Hasiera batean berri onak direla esan behar da. Lehengo fasean bi eskaintza eta bigarren fase honetan hiru eskaintza jaso izanak gure aldarrian sendotu eta indartu egiten gaitu. Batzuek ehundik gora familia kale gorrian utzi eta basakeria hau aurrera eramateko TSren bideragarritasun eza aitzakiatzat erabiltzen zuten bitartean, langileok erakutsi dugu arrazoi genuela, bide onetik gindoazela eta jarraitzen dugula, eta egungo eraikuntza industrialean ere zer esan handia dugula». Hori da hasiera batean egin duten irakurketa, baina bigarren fasera aurkeztu direnen «informazio askorik» ez daukatela aitortu dute. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak adierazi du bi proiektu behintzat «oso bideragarriak» direla.
Helegitea, baztertuta
Langileen arabera, hiru enpresek antzeko eskaintza ekonomikoak egin dituzte, baina oraindik ez dakizkite bakoitzaren proiektuak. Dena den, eurentzako garrantzitsuena bakoitzaren plan industriala eta lanpostuak mantentzea dela berretsi dute. Era berean, gezurtatu egin dute Gonvarriren alde daudenik, hainbat hedabidek hala argitaratu badute ere: «Ezin dugu inoren alde egin, ez ditugulako eskaintzak ezaguntzen». Hori hala, hiru enpresekin elkartzea eskatu dute, bakoitzaren proiektua aurrez aurre ezagutu dezaten. Hala, eskaintzen nondik norakoak ezagutzen dituztenean, guztia baloratzeko prentsaurreko bat dira egitekotan.
Langileek helegitea sartuta zuten epailearen aurrean, lehenengo fasean aurkeztutako proiektuak alboratu izanaren aurka. Aurkeztutako proiektuek bigarren aukera izan zezaten eskatuz aurkeztu zuten helegitea, baina langileek jakinarazi dutenez, epaileak ukatu egin du hori aztertzea.