Aktak euskaraz egiten segituko dute Urkijok salatutako udalek

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 17a

[caption id="attachment_123006" align="alignleft" width="300"]Bilera egin dute Uemako kideek Zumaian (Berria). Bilera egin dute Uemako kideek Zumaian (Berria).[/caption] Garikoitz Goikoetxea-Berria.eus. Urteko batzarra egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zumaian (Gipuzkoa), eta hizpide izan dituzte Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren salaketak. Hizkuntz irizpideen aurka jo zuen lehenik, eta orain udaleko aktak euskaraz egiteagatik salatu ditu Gipuzkoako hamahiru udal; horien artean, Beizamakoa. Udal batzuen aurkako auzibidea baino gehiago dela ohartarazi dute batzarraren ondoren: "Euskararen ofizialtasuna bera ari dira zalantzan ipintzen". Hamahiru udalek jaso dituzte salaketak, eta horietako 11k jakinarazi dute aurrera segituko dutela. Aktak euskaraz egingo dituzte, eta helegiteei aurre egingo diete epaitegietan. Uemak azaldu du babes juridikoa emango diela udalei. Eusko Jaurlaritzaren txosten bat izango dute oinarri. "Aktak euskaraz egitea legezkoa dela irizten dio Jaurlaritzak, eta hori argudiatzen duen txosten juridikoa igorri du udaletara". Uemak azaldu du zer egin adosteko bilera bat eskatua diotela Jaurlaritzari, baina erantzunik ere ez duela jaso. Auzitegiko epeak amaitzear direla, batzarrean adostu dute aurrera egitea. Nolanahi ere, argi utzi dute "ataka zailean" daudela. "Ez daukagu epaia irabaziko denaren ziurtasunik". Gastua da udalentzat, eta horietako asko txikiak dira. Bi aukera dituzte: batetik, aurrera egitea, eta prozesu judizialaren gastuei aurre egitea; bestetik, atzera jotzea, eta euskarazko dokumentuen itzulpen gastuak jasatea. Gastua, edozein eratan. Euskaraz aritzea "juridikoki babestea" ezinbestekotzat jo du Uemak, eta elkarlana eskatu du horretarako. Aukera bat jarri du mahai gainean: Euskararen Legea egokitzea, euskarazko jarduna legez bermatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide