[caption id="attachment_122997" align="alignleft" width="300"]

Inaxio Manterola, Mikel Garaizabal, Arantza Tapia eta Nika Lertxundi (Aritz Mutiozabal)[/caption]
"Edaterakoan iazkoa edo datorren urtekoa bezalakoa izan arren, gaur aurkezten dugun txakolinak badu berezitasun bat: Getariako Txakolina jatorri izenaren zigilupean merkaturatzen den 25. uzta da 2014. Zenbaki biribila, alajaina". Halaxe abiatu du txakolin berriaren aurkezpen ekitaldia Kepa Iribar kazetariak, ohi bezala San Anton Egunez. "Badirudi mahastiek ere ospatu nahi iza dituztela zilarrezko ezteiak, eta uzta oparoa eman dute, 3,5 milioi mahats baino gehiago". Kopuru azpimarragarria hori jaso dute jatorri izenaren barruan dauden 29 upategiek, eta gaur 2.000 botila dastatzeko aukera izan da Getarian.
Jatorri izenaren 25. uztarako Mikel Garaizabal izendatu dute mahasti jauna, ardoaren kultura zabaltzeko egindako lana aitortze aldera. Garaizabalek esker onez jaso du oroigarria, Getariako Txakolinako lehendakari Inaxio Manterolaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiaren eskutik. "Niretzat ohore bat da Euskal Herrian sari bat jasotzea", adierazi du. Jarraian, jatorri izena, mahastizainak, upategiak, saltzaileak eta kontsumitzaileak zoriondu ditu, eta "ziur nago hemendik 25 urtera guztiok hemen izango garela. Ardozaleak eta txakolinzaleak garelako. Medikuek esaten duten bezala, egunean bi basokada hartzea gure osasunarentzat oso ona da, eta sekretu bat esango dizuet: ehun urte bizi nahi baduzue, basokada horietako bat gutxienez Getariako Txakolina bada hori bermatuta dago".
Jarraian, 2014ko uztaren topaldiarekin eman diote hasiera jaiari. Baina edalontziak ahoratu aurretik, Getariako Txakolinako lehendakari Inaxio Manterolak bertso batekin zuzendu zaie bertaratutakoei. Ondoren, txakolinaren ereserkia abestu dute Salbatore abesbatzak eta haien doinura dantzatu Gure Txeru elkarteko kideek, eta amaitzeko, urteroko moduan, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña aritu dira bertsotan. Aurtengo ekitaldia ikus-entzunezkoz lagunduta egon da; tartean, Bitoriano Gandiagak txakolinari eskainitako poesia ekarri dute.
Urtemuga biribilarekin batera, X. Pintxo Lehiaketa antolatu dute aurten, eta Giroa, Harralde, Mahasti eta Taxko tabernek hartu dute parte. Pintxo oneneren saria Giroari eman dioten bitartean, pintxo originalenaren saria Taxkorentzat izan da. Txakolinari laguntzeko aipatutako tabernek 800 pintxo prestatuko dituzte. Jendea erruz gerturatu da herriko plazara eta frontoiko karpara, jai giroan txakolin berria dastatzera, Kupela taldeko kideen trikitu doinuz lagunduta.