[caption id="attachment_122912" align="aligncenter" width="300"]

Salberdin eremuak egun duen itxura. Aritz Mutiozabal[/caption]
Zarauzko Udal Gobernuak 2014ko ekainean erabaki zuen Salberdingo plana aldatzea, bere garaian onartu zena aurrera eramatea "ezinezkoa" zelako. Hain zuzen, aurreko legealdian onartu zen Urbanizatzeko Jarduketa Programaren oinarriak—hiritartze eta birpatzelazio egitasmoak— betetzea egun ez dela "posible" nabarmendu zuen Udal Gobernuak.
UJP berriak hainbat irizpide bete beharko du. Lehena, proiektua golpetik bere osotasunean garatu beharrean, faseka egitea. Bideragarritasun ekonomikoa bermatzea da horren helburua. Hori dela eta, lehenbizko fasean Bizkaia kalea urbanizatuko dute, Igerain erreka berreskuratu, eta etxebizitza gehienak eraiki. Horrek ahalbidetuko du proiektua bideragarria izateko adina etxe libre egitea.
Halaber, "ezinbestekoa" ikusi du Udal Gobernuak bertako bizilagunei ostatu eman eta enpresak lekualdatzeko "arreta berezia" jartzea, eta baita kutsatuta egon daitezken lur sailei ere. Era berean, partzela jabeen arteko konpentsazioak kontuan hartuko dituzte. Konpentsazioa «orekatua» izango da, eta proiektuaren exekuzioaren arabera egingo dute. Birpartzelazioaren aurrerakin bat ere egitea aurreikusi dute.
Programan aldaketa horiek egiteko inplikatuekin harremanetan egon dela jakinarazi zuen Udal Gobernuak iaz, besteak beste, bizilagunekin, tokiko enpresa jabeekin, langileen ordezkariekin, gaztetxekoekin eta lurjabe handiekin. Abenduan aurkeztu zuen Injelan SL-k, epeak eta faseak zehazteaz arduratu den enpresak dokumentazioa. Orain, hori behin-behinean onartu aurretik, berriz bilduko da Udal Gobernua inplikatuekin UJP berria aurkezteko. Asteartean izango da bilera, Etxezabalan 19:00etan.
Salberdinen, guztira, 1.000 etxebizitzatik gora eraikiko dituzte, duela urte batzuk aurreikusi bezala. Horietatik 520 libreak izango dira, 235 etxe babes ofizialekoak, beste 235 udalak berak tasatuak, eta gainontzeko 55 etxebizitzak tasatu orokorrak.