Itsas girotik sortutako ipuina

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 16a

  [caption id="attachment_122820" align="aligncenter" width="300"]Ane Azkuek eta Edurne Irigoienek Itsasotik Itsasora liburua aurkeztuko dute gaur. Ane Azkuek eta Edurne Irigoienek Itsasotik Itsasora liburua aurkeztuko dute gaur Getarian (Egilea: Aritz Mutiozabal).[/caption] Iraganak eta orainak definitzen dute herri baten izaera. Getariarrak itsasoaren bueltan bizi izan dira mendeetan zehar, eta itsas ondare aberatsa dute. Hori bizirik mantendu eta herriko gazteenei helarazteko asmoz sortu dute Itsasotik Itsasora ipuina, eta San Anton jaien egitarauaren barruan aurkeztuko dute, gaur arratsaldean Berdura Plazan. Herritarren ekarpenetan eta istorioetan oinarrituz sortu dute Itsasotik Itsasora ipuina; Ane Azkuek idatzi du testua, eta Edurne Irigoien arduratu da ilustrazioaz. Lezoko Tantai Elkarteak proposatu zion ideia Getariako Udalari; tokian tokiko kultur ondarea ezagutarazteko herritarrek egindako proiektua egitea, hain zuzen ere. Udalari ideia gustatu zitzaion, eta ipuina sortu dute. Tantai Elkarteak koordinatu du egitasmoa, eta Azkuek eta Irigoienek landu dute gaia. Herritarren kontakizunak Itsasotik Itsasora ipuina XX. mende hasieran kokatuta dago, eta lana behar bezala osatzeko egileek garaiko testuingurua ezagutu behar izan dute elkarrizketen eta beste hainbat iturriren bidez. Begoña Balentziaga, Kontxita Ezenarro eta Mertxe Mendizabal sare-konpontzaileek, eta Agustina Lete eta Pello Iribar herritarrek azaldu diete egileei XX. mendean nola bizi ziren Getarian eta baita bitxikeria batzuk ere. Ane Azkuek azaldu du zer pauso eman dituzten: «Elkarrizketekin testuingurua ezagutu dugu. XX. mendean getariarrek zuten bizimodua kontatu digute sare-konpontzaileek. Bestetik, Pello Iribarren itsasoko tresnen erakusketan ipuina girotzeko informazioa biltzen ere izan gara». Horretaz gain, argazki zaharretatik ere informazio ugari jaso dute. «Marrazkilariarentzat iturri garrantzitsua izan dira». «Errealitatea eta fikzioa uztartu ditugu ipuinean. Esaterako, Zazpi Anaiak izeneko baporea agertzen da; hori garai batean Kintanatarren itsasontzia izan zen, benetan egon zen. Hala ere, bertako pertsonaia asmatu egin dugu. Egiazko elementuak fikzioarekin uztartu ditugu». Ipuin didaktikoa Azkuek adierazi duenez, arrantzale eta sare-konpontzaile baten arteko maitasun istorioa kontatzen da ipuinean. Horretaz gain, garaiko getariarren eguneroko gorabeherak ere jaso dituzte 22 orrialdetan zehar. «Zati batean intriga unea gertatzen da. Izan ere, itsasoko ekaitza sartzen zenean lehorrean zeudenek beldur handia pasatzen zuten, beren familiakoak bizirik iritsiko ote ziren ez baitzuten jakiten. Hori gogora ekarri nahi izan dugu», zehaztu du idazleak. Itsasotik Itsasora 10-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta ipuin didaktikoa da. Ikasgelan eskola material moduan erabiltzea ere nahi dute. «Ipuina landuz XX. mende hasierako getariarrak nola bizi ziren ikasiko dute gaztetxoek, eta pixkanaka galtzen ari diren arrantza munduko hitzak ere berreskuratuko dituzte». 2014KO UZTAREN TXAKOLINA AURKEZTUKO DUTE BIHAR GETARIAN Bihar San Anton Eguna da, eta 2014ko uzta berriarekin egindako txakolina aurkeztuko dute eguerdi partean, urtero bezala. Jatorri izenaren barruan dauden upategien txakolina dastatzeko aukera egongo da. Bi mila botila eramango dituzte denera, eta edalontzi bakoitzak sei euro balioko du eta horrekin bost kopa txakolin dastatu ahal izango dituzte bertaratzen diren herritarrek. Gainera, Getariako Giroa, Harralde, Mahasti eta Taxko tabernek 800 pintxo prestatuko dituzte, eta euro batean salduko dute bakoitza. Aurtengo mahasti jauna Mikel Garaizabal izango da. Ardoaren kultura zabaltzeko egindako lana aitortuko diote Getarian. SAN ANTON JAIETAKO EGITARAUA Gaur, urtarrilaren 16a -17:30ean, txokolatada plazan. -18:30ean, Itsasotik Itsasora ipuinaren aurkezpena Berdura Plazan. -19:30ean hasita, buruhandiak kalez kale Sugarri txarangarekin. -Ondoren, Sugarri txaranga kalez kale. -22:00etan, bertso jaialdia Cristobal Balentziaga Museoan. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Uxue Alberdi bertsolariek parte hartuko dute. Jon Zaldua izango da gai jartzailea. Sarrerak salgai izango dira udaletxean, turismo bulegoan eta saioaren aurretik leihatilan. Bihar, urtarrilaren 17a -09:00etan, Diana Gazte Alaiak txistulari taldearekin. -10:30ean, azoka Harritarten, plazan eta Berdura Plazan. -12:15ean, txakolin uzta berriaren aurkezpena herriko frontoian. -Ondoren, txakolinaren dastaketa frontoian eta Harritarten; Kupela taldeak girotuko du hitzordua. -Jarraian, udaletxeko balkoitik bertsotan Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña. -18:00etan, herri-kirol jaialdia frontoian. Alde batetik, Donato Larretxea, Joxe Mari Olasagasti, Alex Txikon, Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Odei Ezpeleta aizkoran. Bestetik, Ostolaza, Landarbide eta 9 urteko Udane Ostolaza harri-jasotzen. Gainera, Leire Astiazaran eta Itsaso Unsolo trontzan. -Ondoren, bertsolariek bigarren saioa egingo dute. -Jarraian, Kupela taldeko Zabalek eta Larrañagak udaletxeko balkoitik. -22:30ean, Egan taldearen dantzaldia. Etzi, urtarrilaren 18a -09:30ean, Getariako Musika Bandak Diana joko du herriko kaleetan zehar. -11:30ean, Aldamar jolas parke berriaren irekiera ekitaldia. -12:30ean, Getariako Salbatore Deunaren elizan San Anton jaietako Kontzertua eskainiko dute Getariako Musika Bandako musikariek. -17:00etatik 20:00etara,  frontoiko karpan besteak beste gozokien txokoa, opilen eta pinturen tailerrak, ludoteka eta 1 Formulako simuladoreak egongo dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide