[caption id="attachment_122629" align="aligncenter" width="300"]

Agerraldiko argazkia. (Eneritz Albizu Lizaso)[/caption]
Azpeitiko Librek eta hainbat esparrutako dozena bat lagunek babesa agertu diote Orhantza Alegria eta Xabier Otamendi gazte azpeitiarrei. Otsailean Madrilen Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte, eta bi urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute bakoitzarentzat, Iosu Urbieta Pou presoa askatzeko eskatuz pintaketak egitea egotzia. Horrez gain, zortzi urteko inhabilitazioa, bien artean ordaindu beharreko 4.020 euroko isuna eta bederatzi eguneko gizartearen mesederako lanak egitea ere galdegin du fiskalak.
Asteazken iluntzean egin zuten agerraldia, eta bertan izan ziren epaiketa politikoak pairatu dituzten zenbait herritar ere; besteak beste, Eneko Ibarguren, Esteban Orbegozo, Olatz Izagirre, Miren Odriozola, Garikoitz Etxeberria eta Xabier Larrañaga, azken hau Orkatz herriko tabernako ordezkari gisa. 2010ean atxilotu zituzten Alegria eta Otamendi, kartzelaratu berri zuten Iosu Urbieta
Pou herritarraren askatasuna eskatzeko pintaketak egitea egotzita; hain justu, Pou askatu idatzi izana leporatu diete Alegriari eta Otamendiri. Hori dela-eta, «terrorismoa goratzea» leporatzen diete, baita «erresistentzia» delitua ere. Bestalde, zortzi hilabete gehiago gehitu dizkiete karguei, atxiloketa unean poliziengandik ihes egiten saiatzea leporatuta.
Azpeitiko Librek adierazi du «guztiz neurriz kanpo» dagoela eskakizuna, eta «eskandalu demokratiko» gisa definitu dute. Haien arabera, «adierazpen askatasunaren aurkako erasoa» eta «gazteak beldurtzeko modua» da zigor eskaera hori. Gainera, esan dute ez dagoela bi gazteak espetxera eramateko «inolako arrazoirik». Horregatik, epaituak babesteko «argazki erraldoia» ateratzeko hitzordua jarri dute, hilaren 30ean, 19:30ean, Frontoi Txikin. «Azpeitiar oro» animatu nahi du Libre taldeak argazkian parte har dezan. «Euskal Herriak konponbidea nahi du, konponbidea behar du, eta bide hori egiteko honelako epaiketa politiko guztiek desagertu egin behar dute», adierazi dute taldeko ordezkariek.
Ibarguren ere inputatuta
Bestalde, Eneko Ibarguren herritarraren egoera gogorarazi zuten prentsaurrekoan. Izan ere, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko koartelera joan zen deklaratzera azpeitiarra asteazken arratsaldean, langileen aurkako delitua leporatu ziotelako. Akusatua 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuten, Herrira taldearen aurka eginiko sarekadan; asteazkenean, berriz, deklaratzera deitu zituzten bera eta joan den urtean atxilotuak izan ziren gainontzekoak. «Presoen eskubideen aldeko lana kriminalizatzea» salatu dute Ibargurenen kasuan, eta elkartasuna adierazi zioten hari ere.