Aste honetako polizia operazioak "egoera sozial eta politiko berriari" erasotzen diola salatu dute dozenaka eragilek

Ane Olaizola 2015eko urtarrilaren 16a

[caption id="attachment_122836" align="aligncenter" width="300"]Donostiako manifestaziora joateko deia egin dute(Ane Olaizola) Donostiako manifestaziora joateko deia egin dute
(Ane Olaizola)[/caption] Urola Erdiko ELA, LAB, CNT, Bilgune Feminista, Ernai, Ikasleak, EA, Aralar, Sortu, Etxerat eta preso, iheslari eta deportatu ohiek agerraldia egin dute Azkoitian, aste honetako hamasei pertsonen aurkako —12 abokatu, tartean Ainhoa Baglietto zarauztarra, eta Herrira-ko langile izandako lau— polizia operazioa salatu eta larunbatean Donostian egingo den manifestaziora joateko deialdia egiteko. Gogor salatu dituzte atxiloketak, "bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahaleginei eta egoera sozial eta politiko berriari" zuzenean erasotzen diolako. "Egoera betti horren aurka egitearekin tematuta dagoen estatuta dugu aurrez aurre. Espainiako Gobernuak giza eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten politikak garatzen ditu, gatazkari zein bere ondorioen konponbideari lagundu beharrean". Atxiloketek "denboran atzera" egitea eragin zuela esan dute bailarako eragile sozial, sindikal eta politikoek. Operazioa "soberan" zegoela nabarmendu dute, "atxilotutako pertsonak errez aurkitzeko modukoak direlako, operazioa agindu duen epailearen disposizioan jarri zirelako eta bere lana Audientzia Nazionalean, espetxeetan eta ezagupen publikoko bulegoetan egiten dutelako". Hain zuzen, sarekadaren helburua "erabat politikoa" izan dela salatu dute: "Benetako helburuak ez dauka zerikusirik Espainiako Gobernuak baieztatzen duenarekin". "Atxilotutako pertsonei eragiten dieten ondorio zuzenez gainera, era honetako ekinbideek behin eta berriro atzeratu dute herritar guztiei dagozkien oinarrizko eskubideak eta bermeak errespetatuak eta beteak izatea; egiazko demokrazia batean, eskubide eta berme horiek beste edozein interesen gainetik eta aurretik egon beharko lirateke". Era berean, salatu dute atxiloketak joan zen larunbateko Bilboko espetxe politikoaren aurkako manifestazioaren ondotik, ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketaren hasieraren egunean eta Espainiako Auzitegi Gorenak Frantziako estatuko espetxetan zigorra bete duten presoen zigorra luzatzea erabaki zuten bezperan izan zirela. Era berean, iaz Herriraren aurkako operazioan atxilotu zituztenak —tartean Eneko Ibarguren azpeitiarra eta Nagore Garcia zumaiarra— atzo Guardia Zibilaren koartelera deklaratzera deitu zituztela gogoratu dute. Horien arabera, "elkartasun keinuak areagotzen doazen heinean, estatuak kriminalizatu" egin du. Horren aurrean, "etorkizunari begiratu" eta "askatasunean, bakean eta demokrazian"oinarritutako etorkizuna eraikitzeko konpromisoak hartzeko garaia dela berretsi dute. Hala, larunbatean Donostian egingo duten manifestaziora joateko dei egin die herritarrei. 17:00etan irtengo dira, Donostiako Antiguako tuneletik, eta harutz joateko autobusak irtengo dira Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik. Azkoitian, Etxe Haitz eta Zakela tabernetan eman daiteke izena, Azpeitian Jim Clark, Zuhatz eta Orkatz tabernetan eta Zestoan ohiko lekuetan.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide